Idazlea: Sophie Koechlin.
Ilustratzailea: Miss Clara.
Itzultzailea: Uxoa Iñurrieta.
Argitaletxea: Ibaizabal.
Obra hau Grimm anaien ipuin baten bertsioa da, jatorrizkoan Die Zertanzten Schuhe izenarekin kaleratu zutena, 1812an.
Ipuinari liburu formatua eman diote, ilustrazio ugariz hornitu dute, tapa gogor barrubigunekin bildu eta printzesen irudiak opari gisa erantsi.
Testua frantsesetik itzulita dago, laburra da halabeharrez —jatorrizkoa ere hala delako— eta irudien artean bokadiloetan txertatuta agertzen da. Espero bezala, narratzaile orojakile batek kontatzen digu istorioa.
Irudiak portzelanazkoak diruditen panpinekin eta dekoratuekin eraikita daude, XVIII. mendeko estetikarekin, collageari eta irudiaren moldaketa digitalari muzin egin gabe.
Aurretik bagenuen ipuin honen itzulpen bat Genaro Gomezen Grimm anaien ipuinak bilduman Dantzan higatutako zapatak izenarekin.
Bi bertsioen artean ez dago alde askorik, baina bai ñabardura batzuk. Espero daitekeen bezala Gomezena bertsio fidelagoa da eta Koechlinenak aldaketatxo batzuk proposatzen dizkio jatorrizkoari. Aldaketa nabarmenena da istorioa apur bat leundu dela; esaterako, han «burua moztu» zioen lekuan hemen «erbesteratu» dio, han «atsoa» hemen «emakume zaharra»...
Era berean, gertaeren ordena aldatu du, tentsio narratibo handiagoa bilatzearren, suposatzen da. Esan liteke gaurko gustuen araberako obra josten saiatu direla. Lehen irakurleetatik hasita edozein adin onartzen duen obra da, hori bai, lila kolorea atsegin dutenentzat.
Haur eta gazte literatura. 'HAMABI PRINTZESA DANTZARIAK'
Ipuin zaharberritua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu