KRITIKA. Donostiako 57. Jazzaldia

Ipar Ameriketako emakumeen gaua

2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun

Lakecia Benjamin& Pursuanceeta Diana Krall



Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: uztailaren 25a.

Lakecia Benjamin newyorktar gazteak bere saxoarekin Trinitateko ikusleak konkistatu ditu. Coltrane handiaren doinuak eta moldaketak erabili ditu bere erakustaldi ederrean. Kementsu, indar handiz, Alabama, Liberia eta My Favorite Things estandar klasikoak berpiztu ditu gure gozamenerako. Dinamismo handia erakutsi du; gaztea da, sasoian dago. Eta, nahiz eta Coltrane senar-emazteen doinuak bera jaio aurrekoak izan, gaurkotasun osoz jo du haien musika zoragarria. Emakumea da, eta taldeko liderra. Zoritxarrez, ez da arrunta izan jazzaren historian. Garaiak aldatzen ari dira; ongi etorri, aldaketak. Benjaminen soloak ausartak eta adimentsuak dira. Plazer handia izan da Benjaminek eta Pursuancek emandako kontzertua.

Amaitzeko, jaialdian aski ezaguna dugun Diana Krall kanadarraren txanda iritsi da. Xuxurlatzen, erregina dugu Krall. Betiko lez, bere mendean izan gara. Nire iritziz, gero eta intimoago abesten du, gero eta sotilago. Agian heldutasunaren ondorioz ari da lortzen suabe abestea eta indarrean irabaztea. Egiazkoagoa sumatu dut gure betiko Krall. Berarekin sarritan ikusi izan dugun Antony Wilson gitarrista bikainak gozotasun ikaragarri batekin jo du. Solo zoragarriak. Finak, leunak eta adierazkorrak dira bere tresnarekin ateratzen dituen nota azkarrak. Robert Hurts kontrabaxuarekin sendo, irmo eta dotore. Eta Karriem Riggins bateriarekin, bizi eta koloretsu. Talde zoragarria, Krallen patxadarekin uztartzeko.

Cheek to Cheek bikain bat entzun dugu, baita Boulevard of Broken Dreams ere. Saioa nahiko aurreratuta zegoenean, euri arin bat sumatu dugu, eta Krallek, berehala, Isn't This a Lovely Day abestu digu, ironia apur batekin. Aise konbentzitu ditu aurretik jada konbentzituta zeuden ikusleak. Abesti intimo horiekin amaitu da Donostiako 57. Jazzaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.