Norberaren pentsatzeko moduak, balioek, sinesmenek nora eta nola begiratu zehazten dute. Aurrezagutza hori erantzi ezinezko iragazki bihurtzen zaigu bizitzan, irakurtzerakoan edo errealitateari begiratzerakoan, besterik barik. Eta hori da Lidia Txukovskaiaren Urpean murgildu eleberriarekin gertatu zaidana. Hainbat irakurlek obraren irakurketa politikoagoa egingo lukete, memoria historikoaren gordailua (ere) den heinean; beste askok, irakurketa metaliterarioa, sarri, literaturaren inguruko hausnarketak agertzen eta literatura unibertsaleko eta lokaleko idazleen testuak partekatzen baitira. Nire kasuan, ordea, betaurreko moreak izan ditut bidaide irakurketa prozesu guztian, eta ezin izan dut ihes egin agenda feminista deritzoten irakurketatik.
Izenburutik bertatik iradokitzen den begirada introspektiboz mintzo zaigu protagonista, Nina Sergeievna, eta lehen pertsona gramatikalak bere intimitatearen ikusle izatera gonbidatzen du irakurlea, bere kezka nagusiak erakusten dizkio: amatasuna, galdutako jendea, harreman berriak, mina. Izan ere, protagonista ur handitan murgiltzen da eta gaitu, bere baitan bizi den itsaso zabal horretara bidaiak egiten ditu egunero, iraganeko mamuekin norgehiagokan. Esango nuke hori dela liburua ulertzeko gakoa eta protagonistaren gudu-zelai nagusia. Intimitate horren bitartez hezurmamitzen dira, gainera, agenda feministako ezaugarri narratiboak ere. Lehen pertsonako narratzailearen tonu autobiografikoa azpimarragarria da, eta liburuak duen kanpo egiturak ere alderdi hau indartzen duela iruditzen zait, kapitulu bakoitzaren estrukturak eguneroko baten trazak dituela kontuan hartuz. Sergeievnak bere barrenera begiratzen duen bakoitzean, oroimenean babesten da eta oraina iraganean izandako hartatik eraikitzen du, nahiz eta, kasu honetan, lehenaldi hori mingarria zaion, are traumatikoa ere. Pertsonalak dira, baita ere, Sergeievnaren bizitza antolatzen duten denbora eta espazioa: egia da irakurleak ez duela galtzen denbora errealaren eta espazio fisikoaren ardatza; alegia, badaki protagonista une bakoitzean non eta noiz dagoen. Baina, bere hausnarketetan murgiltzen denean, denbora eta espazio errealen muga lausotu egiten da eta maila sinbolikora pasarazten gaitu.
«Izuaren, miresmenaren, literaturaren eta memoriaren antzezlan» bat dela esaten zaio irakurleari argitaletxearen oharrean, eta bat nator guztiz irakurketa horrekin. Josu Zabaletak itzulitako liburuan traumak agertzen dira, minak, maitasuna eta estimua, poetak, itzultzaileak eta kritikan dihardutenak, bonbak, erreta hildakoak, hotza eta lagerrak. Nik nire esangura eman diot eleberriari, baina, obra ez da hor agortzen; seguru nago ibili nahi duenari bere bidea emango diolaTxukovskaiak. «Ni nintzen liburua, nire arimaren, nire oroimenaren akidura».
'Urpean murgildu'
Intimitate konpartituak
Idazlea: Lidia Txukovskaia. Itzultzailea: Josu Zabaleta. Argitaletxea: Katakrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu