KRITIKA. Artea

Interbentzio tentsionatuak

Sabaitik zintzilikatuta daude Artium museoan ikusgai dagoen erakusketako piezetako batzuk. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun

Sahatsa Jauregi.'Flux Cored'

Lekua: Gasteizko Artium museoa. Noiz arte: Irailaren 3ra arte.

Artiumera sartu, eta, eskaileretan behera eginik, ezkerraldeko espazioaren ezkerrean dagoen erakusketara gerturatu naiz. Erakusgai dauden bildumen artean, espazio txikiena hartzen duena da hau. Mostraren izena Flux Cored da, Sahatsa Jauregik konposatutako pieza eskultorikoak biltzen ditu, eta Artiumeko Testuinguruak bildumaren programaren barnean kokatzen da; museoaren bilduman sartu berri diren piezen saretzea bideratzeko helburua duena, hain zuzen.

Mostra espazio bakarrean ehuntzen da, eta horrek pieza guztien arteko elkarrizketa bideratzen du. Alabaina, piezen artean etenik ez dagoela sumatzen da nolabait. Eskulturek elkarrekiko dauzkaten lotura estetiko eta diskurtsiboak argiak izanik, eskulturak autonomoak izatea baino gehiago, osotasun bat bideratzen duen instalazio eskultorikoa dela esan genezake.

Bertara barneratzean, museoa desagertu, eta bestelako atmosfera batera naraman gune batean dagoela sentitu du nire gorputzak. Formen eta egituren arteko uztartzeei, irudiei edota gainazalei zuzendutako lege ez-idatziak berrantolatzen dituzten eskulturez osatzen baita espazioa. Hormen zuritasunarekin kontrastatzen dute egiturok, eta, era berean, kutsu industriala arnasten den nonbait kokatzen gaituzte, pieza gehienak altzairuzko xaflaz edota hodiz egituratzen baitira.

Dena dela, Sahatsa Jauregik ehundutako konposizioak ez dira horretara mugatzen, altzairuak helarazi zezakeen hoztasuna urratzen duten interbentzioek osatzen baitituzte eskulturak. Espazioarekin kontaktua dugun lehenengo momentuan ohartzen gara horretaz: manikien buruak, lupak, kristalezko lurrin pote bat, tangak, lumak, plastikozko frutak...

Ildo horretan, interesgarria dira oso piezen instalazioek sortzen dituzten erritmoak, nolabait ere harmonia urratzen baitute. Eta, urratze horretan, instalaziook gorantz edo beherantz, atzerantz edo aurrerantz begiratzera eramango gaituzte. Halaber, horrek eramaten nau pentsatzera gure gorputzak baduela bere lekua eskulturen artean: hutsunez hutsune, instalazioaren atalak aztertzen ditugu, eta, horren bitartez, koreografia anitz gauzatzen dira.

Instalazioaren atal batzuei sabaiak heltzen die, baina badira lurraren eta sabaiaren sustengu izateko keinua egiten dutenak ere. Horren eredu da Perfume izenekoa, altzairuzko hodiek eta objektu gardenek konposatzen dutena, hain zuzen. Kontrasteak sortzen dira lurrinezko potearen, lupa gardenen forma organiko bezain gardenen eta hodi zurrun eta beltzen artean.

Bada, eskulturak aztertzen ditugun heinean, euskarrien arteko tentsioak sumatuko ditugu. Uztartzeak sortzen baitira artistak berak egituratutako piezei egindako interbentzioen bitartez. Alegia, interbentzioek zentzu bat inskribatzen dute artelanetan, eta, horrela, bide berriak irekitzen dizkiote ikusten dugun horrek helarazten digunari.

Halaber, interbentzio materialez gain, espazio batean gauzatutako esku hartze ohien oihartzunak dira Izarrak eta Jone, Leire, Hodei, Noraeta Ni piezak. Gorputzen presentziak antzematen baitira haietan. Era berean, eskulturak, nonbait, gorputz horiek behin izandako keinuen errepikapenak edota kristaltzeak dira. Halatan, gorputzen presentziek ez dute mugarik, esan bezala, haien oihartzunak bertan daudelako. Momentuz momentu eskulturak aztertzen ditugun heinean, oihartzunak eraldatu egin daitezke, eta, horiez baino gehiago, itzalei buruz hitz egin genezakeela ondorioztatu dezakegu, edota gorputz horien keinuen argazki ilunez ere bai.

Bada, argazkiok, konposatzen dituzten beste objektuekin batera ulertzen ditugunean, argazki izateari uzten diote. Orduan, haien dimentsio eskultorikoak hartzen gaitu. Egunerokotasuneko keinuak egunerokotasuneko objektuekin ehuntzen dira, eta sinbiosi horretan ohikoak ez diren irudiak sortzen dira. Baina, aldi berean, inguratzen gaituenaren irakurketa estetikoen gatazkan kokatzen gaitu artistak. Interbentzioz interbentzio, geure begiradak hartzen dituen objektuen tentsioari eutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.