KRITIKA. Musika

Intentsitatean eroso

Arkaitz Mendoza.
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Robert Treviño. Biolontxeloa: Pablo Ferrandez. Egitaraua: A. Dvoraken Biolontxelorako Kontzertua eta E. Elgarren 2. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzak 24.

Intentsitate handiko bi orduko egitaraua erronka handia izan da Euskadiko Orkestrarentzat, egitarau bakoitzari dagozkion entsegu kopuruak kontuan edukita. Horrexegatik, alderdi positibo ugari sumatzeaz gain, esperientziarekin eta heldutasunarekin aurrera ateratzen diren musika pasarte dezente ere interpretatu zituen. Robert Treviño zuzendariak izaera handiko bakarlari gazte bat zuen alboan: Pablo Ferrandez biolontxeloa. Haren instrumentua zoragarri loreztatu zen pasarte lasai eta goxoetan, baina obra hasierako sarrera burrunbatsuan eta partituraren unerik arranditsuenetan motz entzun zen. Orkestrarekin jorratzen ari zen elkarrizketetan ez ziren maila berean aritu biak, orkestra ozenegi baitzegoen Ferrandezen esatekoetan eta hori ez baitzen oso mesedegarria izan soinu orekarako. Klarinetearen soinu irekiak, flautaren afinazio arazoren batek—nahiz eta amaierako akordean eskaini zigun azken nota zoragarria izan— eta haize metal sendiaren indar handiegiko parte hartzeak ez zuten entzutea guztiz biribildu, baina baikortasunez begiratuz, aukera polita izan genuen gaur egun den eta etorkizunean biolontxelo jotzaile handia izango den musikari peto hori entzuteko.

Atsedenaldian indarrak berreskuratu ondoren, Edward Elgarrek Ingalaterrako errege izandako Eduardo VII.ari eskaini zionbigarren Sinfonia proposatu zigun orkestrak. Orkestrazio aldetik oso mamitsua, milaka ñabardura ia ordubeteko iraupena duen obra handi horretan. Eta, esan bezala, pintzelkada asko albo batean geratu ziren, dena ezin da bere gain hartu eta interpretazio egoki batetik ez ziren pasa orkestrako kideak. Denboraldia luzea eta intentsoa izan da, eta edozein ekintza fisikotan ohikoak izaten diren nekeak sumatzen dira jada musikari batzuengan, batez ere haize egurrean. Treviñok bide onetik zuzendu zuen orkestra, magia handirik gabe, normaltasuneko ikuspegia finkatzeko desioan, eta oinarriak ondo iltzatu zituen alde horretatik. Nota luzeekin zer egin airean geratu arren, esaldi bakoitzaren amaierak sentikor itxi zituen, emanaldi dotore bat koroatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.