EOS
Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: Gustav Mahlerren9. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.Eguna: Maiatzak 6.Orkestrako instrumentuak hitz egiten hasten dira. Heriotza, itxaropena, osagai ezberdinen antolaketa eta aldibereko anabasa urtzen dira Gustav Mahlerren 9. sinfonia honetan. Lehen aldiz, atal geldoak hasieran eta amaieran, obraren erdian Ländler eta Burleske oldarkor bat kokatuz. Normalean, sinfonia bateko hiru edo lau atalen artean erlazio estuko osotasun bat bilatzen saiatzen gara, baina honetan Mahlerrek lau musika txatal obratzar erraldoi batean biltzen ditu, eta funtsezko helburua iradokitzen instrumentuen esanei. Euskadiko orkestra gogotsu aritu zen; atal txiki asko elkartu zituen interpretazio honetan, bakoitza sakontasunetik landua, Robert Treviño zuzendariaren markarik aipagarrienaren isla: atal bakoitza sakontasun deigarrian aztertuta.
Bakarlari batzuk goi mailan aritu ziren; normalean ezkutuan agertzen diren piccoloa, kontrafagota eta ingeles adarra zoragarri beren elkarrizketetan. Ahoskatze eta esate guztiak distiratsu jaso genituen, konpromiso handiko nota bakun horiek Treviñoren interpretazioan dotore txertatuta. Beste alde batetik azkenaldian aske eta zoriontsu dabiltzan instrumentuek maila ikusgarria eman zuten: klarinete bakarlariak eta bigarren biolinak. Amaieran, tronpeta bakarlariak sinfoniako esaldirik erromantikoena heriotzaren baikortasunetik loreztatu zuen, ordubeteko intentsitate eta neketik freskotasun ahaire bat bakanduta. Lurrarekiko maitasuna, bakean bizitzeko gura, naturako baliabideez gozatzeko beharra eta heriotzaren agerraldiak dakartzan barne gatazkak trinkotasunetik lotu zituen Treviñok; instrumentu guztien hitzak ordenatu, sailkatu eta prosodia ulerkor eta hedatzaile bat eraikita. Musika ilunabar sentikor honetan, musikak biziaren barne heriotza maitasunez omendu zuen; beraz, musika instrumentuek jarrai dezatela hizketan!