'Balerdi berrikusten'
Artista: Rafael Ruiz Balerdi.Non: Menchu Gal aretoan, Irunen. Noiz arte: Ekainaren 14ra arte.Gutxi dira euren lana berrikusten dudan bakoitzean behin eta berriro hunkitzen nauten artistak, eta Rafael Ruiz Balerdi horien artean dago, dudarik gabe. Bilboko Arte Ederren museoko bilduma bisitatzen dudan bakoitzean artista donostiarraren pinturekin topo egiten dut, eta lan horiei eskaini nien lehen begiradan bezalaxe, kolore eta forma abstraktuen bitartez konposizio bikain eta orekatuek txunditzeko gaitasuna dute. Honako honetan, Irungo Menchu Gal aretoak artista donostiarraren artelanen sorta bereizgarri bat aurkezten digu, Balerdi berrikusten izenburupean bildurik.
Urdanibia plazan kokaturik, Menchu Gal aretoak Irungo artistaren ibilbide artistikoa zabaltzen duen erakusketa iraunkor bat barne hartzen du, eta, horrez gain, aldi baterako erakusketa batzuk aurkezten ditu. Espazio horretan, besteak beste, Amable Arias, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida eta Jorge Oteizaren lanak ikusteko aukera izan dugu, eta, Gaur taldea osatu zuten artisten bidearekin jarraituz, Rafael Ruiz Balerdiren lanarekin goza dezakegu egun hauetan.
Erakusketako hautaketa Maria Jose Aranzadi arte komisarioaren lana izan da, eta bertan Bilboko Arte Ederren museoak, Kutxa Fundazioak, Donostiako Altxerri galeriak eta bildumazale partikularrek utzitako 65 artelan biltzen dira. Lan sorta hori paretan kokatzen diren 25 koadro eta bitrinatan ikus ditzakegun 40 marrazkitan banatzen da, eta artelanez gain erakusketa artistaren inguruko dokumental baten bitartez osatzen da.
Balerdik teknika piktoriko ezberdinak maisutasunez landu zituen, eta haien erabilerak artistaren garai ezberdinak identifikagarriak diren ezaugarriekin markatzen ditu. Artista donostiarraren ibilbidea bera protagonista bilakatzen da, formatu eta euskarri ezberdinen bitartez abiadura eta sentipen ezberdinetan birmoldatzen doalarik, olio, klarion edo argizarien eskutik. Sentsazio ezberdin horiek, artelanen tamainaren gainetik, teknika ezberdinek azaleratzen dituzten indar kontrajarrietatik sortzen dira. Olioak erakusten dituen forma zabal, konpaktu eta geldoetatik klariona edo marrazkiak sortzen dituen forma azkar, zurrun eta urdurietara mugitzen gara, artista donostiarrak konposizioa eta orekarako zuen maisutasuna galdu gabe.
Abstrakzioan eta keinuan oinarrituta, hainbat hamarkada irauten duen ibilbide baten pausoak jarraitzen ditugu erakusketan. Olioaren bidetik kolore bero nahiz hotzak nahastuz, 60ko hamarkadako Gernika-tik 90eko hamarkadako Altea margolanera bidaiatzen dugu, bere olioek erakusten zuten berotasunean murgilduz. Paper gaineko klarionek, berriz, esperimentaziorako bideak erakusten dizkigute, ez lan horiek garrantziz beste maila batean sailkatzen direlako, baizik eta prozesuaren azkartasunak bestelako freskotasun bat erakusten duelako. Horien artean ere badaude ezberdintasunak, puntillismo neurtu eta trazu askeagoen artean banatuta. Bestalde, eta artistaren obraren barruan, arkatz, boligrafo edo rotring bidez sortutako marrazkiak aurkezten dira sei bitrinatan banaturik. Trazu azkarreko erretratu, autorretratu, paisaia edo figura ezberdinak ikusten dira, Balerdiren obraren barruan hain ezaguna ez den alderdi bat erakutsiz eta artistaren sorkuntzaren konplexutasuna plazaratuz.
1934. urtean jaio zen Rafael Ruiz Alberdi, Donostian. 1950-1955 urte artean Donostiako Arte eta Ofizio eskolan egin zituen ikasketak. 1953. urtean lehen aldiz Gipuzkoako Artista Gazteen Lehiaketan parte hartu zuen, eta 1957. urteko edizioan lehen saria lortu zuen. 1958an Veneziako biurtekoaren 29. ekitaldiko margolari gazteen atalean sailkatu eta 1961ean Madrilgo Darro galerian bere bakarkako lehenengo erakusketa antolatu ondoren, 1966an Gaur taldearen sorreran parte hartu zuen, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Amable Arias, Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Jose Luis Zumeta eta Jose Antonio Sistiagarekin batera. Heriotzara arte (1992) bere produkzio artistikoa oparoa izan zen, eta, besteak beste, Mexiko, AEB, Alemania, Espainia eta Euskal Herriko hainbat erakusketatan parte hartu zuen.
Iruditan eta mugimendupean garatzen den gizarte batean, Balerdiren pinturek abiadura naturalagoetan garatzen den esperientzia bat eskaintzen digute. Euskal Herriak eman duen margolari garrantzitsuenetako baten bitartez, garaiko informalismorako eta abstrakziorako pausoak prisma pertsonal batetik ikus ditzakegu.