Artea. Kritika

Inkontziente kolektiboaren ozeanoak

Mikel Onandia Garate.
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
'Matta 1911-2011'

Lekua: Bilboko Arte Eder museoa. Noiz arte: abuztuaren 21a arte.

Roberto Matta Echaurren (Santiago, Txile, 1911- Tarquinia, Italia, 2002) euskal jatorriko artistaren jaiotzaren ehungarren urteurrena dela eta, Bilboko Arte Eder museoak XX. mendeko pinturaren maisu handienetako baten obra ezagutarazteko eta harekin gozatzeko bidea ematen digun atzera begirako osoa bezain erakargarria antolatu du. 1939. eta 2009. urteen artean Mattak gauzatutako 32 pintura dira orotara, pintorearen lanaren handitasuna eta eboluzioa erakusten digutenak.

Arte garaikidearen sorreran txiletarraren eragina bereziki ezaguna izan ez arren, esanguratsua da oso. Jaioterritik alde egin ostean, Parisen azken abangoardiarekin elkartuta, surrealistek bere baitan eskuzabalik hartu zuten, mugimenduari ekarpen berria egiten ziola aldarrikatuz. Gizakiaren alde ilunenak artearen bidez argiztatzeko asmoagaz, Morfologia psikologikoa zeritzon teoria garatu eta aplikatu zuen bere pinturagintzan 1938 inguruan, barne paisaien serie interesenekoenetakoei bide emanez. Ordea, segituan alde egin zuen, beste askok lez, gerraren ankerkeriak pairatzen ari zen kontinente zaharretik, bizimodu eta gizarte berri bat agintzen zuen Ameriketako Estatu Batuetara, konkretuki, New Yorkera. Bertan, Duchamp eta Bretonen inguruan bere leku propioa lortzen hasi zen Matta 40ko hamarkada hasieran, eta Tanguyrekin batera, urte gutxiren buruan Peggy Guggenheimen mezenasgoarekin eta Clement Greenbergen oinarri teorikoarekin espresionismo abstraktua sortuko zuten Motherwell, Gorky, Pollock eta horrelako pintoreengan eragin nabarmena izan zuen. Kutsu daliniarreko bista abstraktuak ditugu garaiko lanak, barne eta kanpo munduak konbinatuz sortutako metafora bisualak, benetan apartak Bilbora ekarri dituzten apurrak.

Halere, historiografiak gehiegi aztertu ez duen geroagoko lana aurrekoa bezain interesekoa dugu. Behin surrealismotik aldendua —taldetik kanporatua izan zen—, eta 1948an Europara bueltatzean eta kontinentearen egoera latza ikusita, bestelako margo modu bati ekin zion. Psikoanalisia utzita, konpromiso soziopolitiko nabarmena agertu zuen, eta bere lanean hain ohikoak bezain asaldagarriak ditugun humanoideak berreskuratu zituen: izaki arrotzak ditugu, bizidunen eta automaten arteko hibrido biomorfoak; zientzia fikzioaren estetika bat aurreikusi eta ikuslea artegatuz, lan batzuetan kolore fluoreszenteen inguruko eremuen barnean, Mattak espaziontziak eta izaki kosmikoak iradokitzen ditu, sekula edukiak erabat zehaztu barik, inplikazio moral eta politikoak iradoki bai, baina anbiguotasunean geratuz. Bestetik, hurrengo hamarkadetan formatu handiak lantzen hasi zen, eta Bilbon badugu halakoen etsenplu ederrik. Sekulako tamaina hartzen dute pintura batzuek, ikuslea barne hartzeraino, baina handiak izanagatik ere ez dute inondik ere indarrik galtzen; alderantziz, lan txikiagoetan agertzen duen aberastasun kromatiko eta plastikoa areagotzen da muralismotik hurbil diren margolanetan. Ñabardurez betetako proposamenak ditugu, asko apartak, eta begiratzen ditugun bakoitzean gauza berriren bat deskubritzen dugu.

Estruktura bihurriak

Produkzio piktoriko konplexua da Mattarena. Motibo, modu, forma eta kolore aniztasuna agerikoa da. Automatismoa dago, baina baita konposizio eta pintzelkada oso zehaztua sarritan. Geometria ez-ekulidearren lagun, estruktura bihurriak garatzen ditu, tentsioa bilatuz, eta ehundura aniztasuna ere nabarmena da —hainbatetan mihisea agerian uzten du pintura belo gardenen bidez, eta bestetan margo geruza asko gainjartzen ditu, baita zipriztinduak, eta oso koloretsua da oro har, baina paleta murriztean ere indarra duela erakutsita—. Bai forma biologiko eta begetalen, bai indar organikoen eraldaketaren eta leherketa materikoen errepresentazio moduen bitartez, kutsu poetikodun eta zama emozional nabarmeneko mundu berriak iradokitzen ditu.

Horrez gain, Matta esperientzia estetiko hutsaz haratago doa, artista intelektuala baitugu. Abstrakzioa zein figurazioa erabilita, bere produkzio osoan betiko giza auziekiko sentsibilitatea aurki dezakegu, hala nola, espazioaren eta unibertsoaren izaera materiala eta organikoaren inguruko hausnarketak zein gizakiaren alderdi existentzialista eta mistikoenari —baita zientifikoenari— hurbilketa. Artista ameslaria izaki, modu pertsonalean, geroago etorriko ziren mundu eta estetikak intuizio finez aurreratu zituen, aldi berean gizaki garaikidearen behar eta larritasunak identifikatu eta erakutsi nahita, mundu piktoriko irrazionalak sortu eta formarik ez zuenari forma piktorikoa emanez.

Mostra atsegina oso Mattaren lanera hurbiltzeko, abagune ezin hobea dugu pintore txiletarraren kosmologia piktoriko surrealistan, eta hala, bide batez, «gure inkontziente kolektiboaren ozeano» propioetan barrena murgiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.