'Faces'
Ekoizpena: Arriaga antzokia. Moldaketa eta zuzendaritza: Alex Gerediaga. Eszenografia eta jantziak: Azegiñe Urigoitia. Argiak: Oier Ituarte. Antzezleak: Arrate Etxeberria, Txubio Fdez. de Jauregi, Miren Gaztañaga, Felipe Loza, Jon Ander Urresti, Maria Urzelai.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 8.John Cassavetes (AEB, 1929-1989) indie zinemaren aitzindaritzat jotzen da, Hollywoodeko estudio handien eraginetatik kanpo errodatu zituen filmengatik, eta orain haietariko bat —Faces (Aurpegiak)— berreskuratu du antzerki formatuan Alex Gerediagak, Arriaga antzokiaren ekoizpenarekin.
1968ko film hura berezi egiten zaigu gaur egun ere, bere baitan biltzen diren ezaugarri batzuk direla eta. Zuri-beltzean filmatu zen, beharbada merkeagoa zelako, baina seguruenik Cassavetesen hautu estetiko baten ondorioz. Benetako zioa edozein delarik ere, argi dago zuri-beltzaren estetikak dotorezia eta erradikaltasun handia eman ziola lanari, eta oso lagungarria izan zela pertsonaien funtsezko gatazkei heltzeko. Bestalde, orduko korronte nagusiaren kontra ibiltzearen ondorioz, argumentuak ez du garai haietan derrigorrezkoa zen happy end-ik, eta narrazioak ez dio ildo argumental logiko bati jarraitzen, egileak pertsonaien barne mundu hutsalean eta haien ustezko zorion faltsuan jarri zuelako fokua.
Alex Gerediagak aspaldi urratu zuen film eszenikoen arloari jarraituz, beste buelta bat eman dio Khea Ziater markarekin hasitako bideari. Oraingo honetan, esperimentazioa zertxobait alboratu, eta gehiago zentratu da jatorrizko filmaren eszenaratzean, eta alde horretatik esan daiteke emaitza eszenikoa bikaina izan dela arlo guzti-guztietan.
Hasteko eta behin, esan beharra dago Cassavetesen filma oso teatrala zela, dena barrualde itxurako dekoratuetan —protagonisten etxeak eta Losers Club delakoa— filmatu baitzen, auto barruko eszena eta teilatu gaineko ihesaldi laburra izan ezik. Gainera, pertsonaien diseinua eta solasaldiak AEBetako egile handien—Arthur Miller, Tennessee Wiliams, Eugene O'Neill...— kategoria berekoak jo daitezke, eta nik uste dut gaitasun osoa zeukatela antzeztoki handietan taularatuak izateko.
Gerediagaren errotiko zinema zaletasunak egin du gainontzeko guztia, Azegiñe Urigoitiaren ezinbesteko laguntzarekin eszenografiaren eta jantzien diseinuan: agertokiaren banaketa orekatuan atoan irudikatu ditugu argumenturako behar ziren lau guneak, eta altzarien, argien eta jantzien koloreek erreferentzia diskretua egin diote zuri-beltzaren aroari. Baina alderdi estetikoak alde batera utzita, aipatzekoa da Gerediagak Cassavetesen lanari emandako tratamendua, alde batetik sano arindu duelako filmaren gehiegizko luzera, soberako pasarteak ezabatuz baina geratu direnen testua hitzez hitz errespetatuz. Gainera —eta pisuena—, aktore guztiengan ikusi ditugu pertsonaiak, eta ez aktoreak, zuzendaria haien gaitasun handietan oinarritu baita antzezlan dotore eta sendo hau eszenara eramaterakoan.