HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Hartza iratzarri da'

Inauterien esperoan

Idazlea eta ilustratzailea: Xantal Barneix Elizagarai. Argitaletxea: Ikas.

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Inauterietako pertsonaia berezia da hartza. Zanpantzar, mozorro eta antzekoen artean, hartzaren lekua zein den erakusten zaigu, tradiziozko beste testuekin erraz josten dena, arketipoen erabilera eta funtzioak errespetatzen baitira.

Testu gutxi du, tamaina handiko letrekin emana; nahikoa dena, ekintza errepikatuen egitura baitu. Zehazki, bost abererekin topatzen da hartza, inauterien esentziaz jabetu, eta bertaratzera animatzeko.

Istorioa idatzizko testuak eskaintzen du, eta ilustrazioek, apaintzeaz gain, testuingurua ezartzen dute. Ilustrazio lana teknikoki zalantzaz betea antzematen da, bereziki hartzaren irudien eta gainerako animalien irudien arteko aldean nabarmentzen dena. Dena den, emaitza eraginkorra da, batetik, gaiari ongi atxikitzen zaiolako, eta, bestetik, unibertso grafiko berezia eskaintzen duelako, art brut mugimendu piktorikoan kokatu daitekeena.

Iparraldeko euskara batua dei daitekeen hizkuntza batean idatzita dago, eta txokokeria lexikoak erabiltzen ditu, iparraldeko kutsua mantentzen duten hitz bateratzaileen kaltetan: jausi > jauzi, kabala > abere, kokin > bihurri, matahami > kruxpeta, xartal > oti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.