Urte erdi da Juanjo Olasagarrek bere hirugarren nobela argitaratu zuenetik: Poz aldrebesa (Susa). Nobelak Asier Iminizaldu (Axi) eta Joseba Aldaz bikotearen harremanaren bilakaera kontatzen du, eta horretarako, txandakatzen diren bi planotan dago banatuta: batean, elkar ezagutzen duten unetik aurrerako hogei urteetako gorabeherak kontatzen dira eta bestean, Axiri bihotzekoak eman ondoren bizi duten gaur egungo egoera. Hirugarren pertsonan hitz egiten duen narratzaile orojakileak kontatzen ditu gertakariak, plano batetik bestera eta pertsonaia baten ikuspegitik bestera jauzi eginez, eta une oro pertsonaien gogo-aldarteen berri emanez.
Bikotearen harremanaren berri ematean homosexualitateak eta protagonistek, bereziki Josebak, identitate sexuala militantzia politikoarekin elkartzeko duen determinazioak hartzen du pisu gehien. Horrela, bikotearen harremanak jasaten dituen aldaketekin batera, kolektiboaren azken 20 urteetako aldarrikapenak ere gorpuzten dira. Bigarren planoan, hogei urteko bikote-harremanaren eta Axiren infartuaren ondoko albo-kalteei aurre egiteko gainditu beharko duten dolua nahastuko dira.
Esan daiteke pertsonaien memoria indibidual horren bidetik memoria kolektiboaren testigantza eraikitzen duela Olasagarrek: joandako 20 urteetan identitate sexualak, politikoak, nazionalak... eraikitzeko borroka kolektiboen lekukotasuna izan daitekeena, hau da, periferietako borroken nolabaiteko esperientzia.Hala ere, aitor dezadan zenbaitetan identitatearen eraikuntzaren inguruko eztabaida politiko-filosofiko horietan harrapatuta sentitu naizela, eta tramaren perspektibatik urrundu nautela.
Horrela, nahiz eta kontalaria pertsonaia batetik bestera jauzika ibili, liburuaren bigarren atalean, Josebak Axirekiko duen egoera berriari aurre egiteko igaro beharreko doluak hartuko du pisu nabarmenagoa; izan ere, nobelaren amaierarekin batera, egoera berria onartzeko jauzia burutu beharko du pertsonaiak.
Baina kontaketaren tonu jostaria egin zait nabarmengarria, bazterretatik idatzitako literatura honi ironia dariolako alde guztietatik; pertsonaiak identitatearen eraikuntzan bizi dituzten kontraesanez jabetzen dira, eta mingostasunez mahaigaineratu egiten dituzte, irakurlea probokatzeko moduan. Umore zorrotz horrek askotan parodiara ere bideratuko ditu pertsonaiak, beren izatearen irudikapen komiko bihurtuz. Hain da indartsua parodia pertsonaiak eraikitzerakoan, ezen nobelak aurrera egitearekin batera, lan literarioaren garapenean ere parodia gailenduko den: nobela postmodernoa XIX. mendeko adulterioaren nobela bilakatuko da.
Norbanakoaren onarpenak beharrezkoa duen umore kantitateaz jakitun, pertsonaien aldartearen inguruko trufak gidatzen du bizitza ulertzeko modu baten gogoetarekin amaituko den nobela hau; egitura zirkularreko obraren modura, nobela irekitzen duen Judith Butler filosofoaren doluari buruzko aipuaren zentzua indartzen da. Narratzaileak azken hitz gisa laburtu moduan: dolua onartzearekin batera iristen du pertsonaiak poza. «Aldrebesa, bai, baina poza, azken finean».
'Poz aldrebesa'
Ikuspuntu kontua
Egilea: Juanjo Olasagarre. Argitaletxea: Susa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu