KRITIKA. Artea

Ikusgarritasun beharra

Maria Jesus Cueto artistak eskulturak eta bestelako piezak bildu ditu Aztarnak denboran zehar erakusketan. BERRIA.
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun

'Aztarnak denboran zehar'

Artista: Maria Jesus Cueto.Non: Arte eta Historia Museoan, Durangon. Noiz arte: Martxoaren 8ra arte.

Beste hainbat herritako erakustaretoetan izan ostean, Aztarnak denboran zehar erakusketa ibiltari honek Durangon izan du parada oraingoan, bertako Arte eta Historia Museoan, hain zuzen ere. Maria Jesus Cueto artistaren banakako honek, Euskal Herriko Artearen Historiak ahaztuta izan duen artista azpimarragarri baten lanak aurkezten dizkigu, museoko bi aretotan zehar sakabanaturik.

Atzera begirako baten aztarnak suma daitezkeen proiektua da bertan aurkezten dena, artistak berak antolatua eta eraikia; izan ere, haren asmo nagusia bere ibilbide artistikoaren osotasunaren ikuspegi orokor bat ematea baita. Ikuspegi orokor hori, batetik, denborari loturikoa izan da, eta, ondorioz, aretoetan banaturik, bere ibilbidearen ia hasierako urteetatik gaur eguneraino izan diren arte praktikak topatzen dira. Baina, bestetik, baita haiek burutzeko erabili izan dituen material eta baliabide ezberdinenak ere. Izan ere, eta nahiz eta bere ekoizpen nagusiak eskulturak izan, Cueto eskultore huts bat baino askoz ere gehiago baita.

Eta horren zantzuak museoko lehen aretoan topatzen dira jadanik. Ongietorria erakusketako testu derrigorrezkoak egiten duen arren, lehenengo arreta gune nagusia aurreko hormari itsatsia dagoen beira-arasarena da. Bertan hainbat dokumentu ikusten dira kristalaren bestaldean, bereziki bere ekoizpenen lan-prozesuari eta hauen atzean dagoen ikerketari erreferentzia egiten diotenak. Tartean, adibidez, Cuetoren tesiaren orrialdeak, ibilbide osoan zehar presente egon den material baten inguruan burutua, alabastroari buruzkoa, hain zuzen ere; eta baita Laberinto lana egin aurretik, horretarako gauzatu behar izan zituen kalkulu matematiko eta planoak ere —artistak bere ibilbidean zehar burutu duen proiekturik garrantzitsuenetarikoa—. Beira-arasaren kristala zeharkatu eta eskuen artean orriak banan-banan ikusteko irrika sortu besterik egiten ez dutenak.

Aretoaren kontrako horman, berriz, bideo-proiekzio bat dago ikusgai. Motza da, eta ikusteko atsegina. Beira-arasako dokumentuen izaerarekin bat, bertan ere, urtetan egindako hainbat proiekturen dokumentazio lanak ikus daitezke. Zaharrenak 1979koak dira, eta azkenak, berriz, aurreko urtekoak, 2019koak, eta argi uzten dute artistaren etengabeko lan egiteko pultsioa. Bertan egun ikusgarria ez den hori aurkeztu nahi izan du: eskulturak eta muralak osatzeko egin beharreko prozesuak, garaian edukitako errekurtso urriekin; baina, bereziki, bere ekoizpenaren beste alor zabal bat: arte parte-hartzaileari dagokiona. Izan ere, arte mota hau gurean 1990eko hamarkadan sartu aurretik, berak jada hainbat proiektu egin baitzituen 1980ko hamarkada amaieratik aurrera, bereziki Kantabriako hainbat herritan. Horien artean, bat goraipatu beharko bagenu, aurretik aipatu dugun eta 1988an Santanderren (Espainia) egin zen Laberinto lana litzateke. Bertan artistak 4 metro garai eta 13 metro zabal zen egitura monumental bat sortu zuen, dantza, musika eta bestelako arte espresioak uztartuz bere egiturarekin eta harekin erlazioan hiriko publikoaren parte-hartzea bultzatuta. Hain zuzen ere, bere lanean etengabe bilatu duen elementu bat izan da atmosferak sortzea; bai kalean, baina baita bere eskulturen bidez egin ohi zituen instalazioetan ere.

Goiko aretoaren egitura ezberdina da. Bertan artistak landutako hirugarren esparrua daazpimarratzen dena, agian guztietan ezezagunena izan daitekeena; baina, aurreko kasuetan bezala, bere ibilbide artistiko guztian zehar presente izan duena: lan grafikoa. Atentzio berezia jasotzen dute azken urteetan karta pulpa eta gubilaz egindakoek, artearen eta artisautzaren arteko sinbiosi guztiz interesgarriak izanik: lerrotura finezkoak baina, era berean, intentsuak. Bereziki lan monokromoetan azpimarratzen da ezaugarri hau. Zuria, zuriaren gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.