'V/E Villagio Eni'
Egilea: Begoña Zubero.Non: Altxerri galeria.Noiz arte: Abendu erdira arte.Azaroaren 7tik 10era Donostian Mugak Nazioarteko Arkitektura Biurtekoaren lehen edizioa ospatu zen, nahiz eta programan antolatu diren hainbat ekitaldi 2018ko urtarrilaren 31ra arte luzatuko diren. Biurteko honek, arkitekturaren inguruan, profesional, ikasle eta hiritarren topaketa gune bat planteatzen du, gaur egungo gizartean arkitekturak bizi duen egoeraren inguruan eztabaidatu eta gogoeta zabaltzeko.
Nazioarteko programa honek arkitekturaren eremuko hainbat talderen lankidetza izan du: besteak beste, Atari Arkitektura kultur elkartea, Ancora, Reflex Espazioa, Rezola Museoa, Peña Gantxegi Artxiboa edo Habic Klusterra. Horrela, antolatu diren ekintzen artean arkitekturak arte bisualekin duen harreman emankorra jorratu da, Donostiako hainbat galeriak (Arteko, Kur, Ekain, Vetus Arte eta Altxerri) programarekin bat egin eta diziplina ezberdinen artean sortzen den harreman honen berri ematen duten erakusketa ezberdinak antolatu direlarik.
Testuinguru honetan, Altxerri galeriak Begoña Zubero bizkaitarraren lana aurkeztea erabaki du, V/E Villagio Eni izenburupean. 1962. urtean Bilbon jaiotako argazkilariak Existenz proiektua abiatu zuen 2002. urtean, Erromara iritsi berritan. Proiektu hau XX. mendean Europan izan diren erregimen totalitarioen arkitekturan oinarritzen da, Berlin, Varsovia, Bikenau eta Maidanek, Mosku eta Yerebanetik igaro ondoren 2012. urtean Erromara bueltatu zelarik. Erroman igarotako azken lau urteetan bi serie landu zituen: batetik, aurten bertan Tabakaleran aurkeztu duen Gente del Po, eta, bestetik, gaur egun Altxerri galerian ikus dezakegun hau.
ENI Ente Nazionale Idrocarburi, 1953. urtean Italiako Gobernuak sortu zuen energia enpresa, publikoa izan zen. Enrico Matteik, ENIren sortzaileak, bertan lan egiten zuten 6.000 langile publikoentzat El Villago Sociale ENI sortu zuen, udako oporrak igarotzeko instalazio bat. Edoardo Gellner arkitektoak diseinatutako villagio-a 263 etxe unifamiliarrek, haurrentzako udalekuek, gazteentzako kanpalekuak, elizak eta aterpetxe batek osatzen zuten. Ideologia ezkertiar baten inguruan sortua izaki, instalazio hauek erabiltzeko orduan langile guztiek pribilegio berdinak zituzten. Udako «herri» horrek bere garai onenak 1960ko hamarkadan izan zituen, ordutik aurrera gainbeheran egon zelarik, 2000. urtean gestioa aldatu eta proiektu berriak sartu arte.
Galeriaren espazioan artistak 2015. eta 2017. urteen artean eraikuntza multzo honetan egindako argazkilaritza lana aurkezten digu. Formatu ertainaren eta handiaren artean, villagio-aren espazio ezberdinen irudiak aurkezten zaizkigu, argazki bakar edo multzo txikien bitartez. Espazio hutsak ageri dira, utziak, inguruko naturak estali eta isolatu balitu bezala. Hutsik egon arren, utzikeria hori ez da oso nabaria, armiarma sare, hautsitako kristal zatiren bat ala pilatutako altzariak egoeraren aztarna bilakatzen direlarik. Azken finean, nabarmena den horren atzean, gizakia, historia eta politika biltzen dituen irakurketa bat azaleratzen da. Begoña Zuberok ideologian murgiltzen diren espazio jakinon memoria garatzen du, kasu gehienetan oroitzapenen atzean sentipen ilun ala ezkor bat plazaratuz. Benetan interesgarria da argazkilariak garatutako proiektuaren bitartez sortzen den diziplinen arteko gainjarketa. Arkitekturak berak gordetzen duen kutsu abangoardista eta minimalista argazkiaren dokumentuak jasotzen duen sentipen eta memoriarekin nahasten da, diziplinen arteko nahasketaren bitartez ikusten dugun horren irakurketa berri bat sortuz.
Artea, oro har, gizakiaren historiaren parte da, baina ez soilik bere bidea egiten duen espresio bide soil baten gisa. Proiektu honek ideia hau bikain adierazten du, besteak beste, historia, politika, arkitektura, argazkia, memoria edo dokumentua nahastuta. Ideologia guztiak, era batera ala bestera, estetikaz baliatzen dira, eta bere egiten dute helburu jakin batzuekin. Alderdi guztiek, bai eskuinekoek bai ezkerrekoek. Kasu honetan, bai arkitekturak bai argazkilaritzak gizakiaren historia azaltzen digute, eta politikaren bidetik ideologiek inguruan utzi dituzten aztarnen bitarteko gogoeta interesgarri bat pizten da.