'Tenet'
Zuzendaria: Christopher Nolan. Urtea: 2020. Herrialdea: AEB.
Zinemagintza salbatzera etorri omen da Christopher Nolan: jende aldra aretoetara eraman behar zuen atzera, eta industriari aurrerantzean segitu beharreko bidea erakutsi behar zion. Itxuraz, helburu horiek txukun antzean bete ditu; zenbaki politak egiten ari da filma, eta, aspaldiko partez, film baten gaineko iruzkinak dira mintzagai legezko distantziadun terrazetan.
Hortaz landa, Tenet ez da inolaz ere iragarri ziguten Nolanen enegarren maisulan hori. Kontrara, filmografia gorabeheratsu baten alderdirik ahulenak uzten ditu agerian film berriak.
Zinemagileak tema berezia du denborarekin, zientziaren paradoxekin eta egitura narratibo bihurrekin; horretan, Tenet ez da salbuespena, eta Nolanen obsesioen hiperbole modukoa balitz bezala ikusten ahal da filma. Arazoa da horien mesedetan beste osagai garrantzitsu asko utzi dituela bazterrean. Blockbuster-en egilearen eta ukitu pertsonala eman nahi duen artisauaren artean, bigarrena nagusitu zen aspaldian.
Tenet-en atzean dagoen istorioa ezdeusa da. Inoiz baino argiago, ideia bat transmititu nahi zaigula agerian gelditzen da, baina hori egiteko moduan ez du denbora askorik galdu zuzendariak: espioien generoaren estereotipoez beteriko narrazio ahul bat eraikitzea aski izan zaio.
Halaber, pertsonaien hustasuna nabarmena da, eta horiek noraezean uztea da jarrera. Kontu honekin lotuta, ezin aipatu gabe utzi Tenet-ek duen aktore hautaketa arazo larria, bereziki gizonezko pertsonaiei dagokionez.
Ideia omen da motorra, den-dena horren zerbitzura dago. Zientzia dibulgatzaile baten gisara, fisikaren nozio batzuen ikusgarritasun zinematografikoa jasotzea da Nolanen apustua. Horrek aipatutako hutsuneak estaltzen ahalko zituen. Baina Interstellar-en ez bezala, ideia horri behar bezala garatzeari, mimatzeari ez dio apenas denborarik eskaini, eta ikuslearen eskuetan utzi du lan neketsu hori.