Literatura.  'Iturria'

Idazlearen mamuak eta mamarroak

Idazlea: Unai Elorriaga. Argitaletxea: Susa.

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Metaliteraturaren fenomenoa ez da modatik pasatzen euskal literaturan; ez, behintzat, gure idazleentzat. Unai Elorriaga dugu geurean literatura l'art pour l'art bezala bizi duela usu adierazi duten autoreetako bat; ez da harritzekoa, horregatik, bere lanetan literaturaren erreferentziak aurkitzea. Susaren eskutik argitaratu duen Iturria azken lan honen ildo nagusia narratzaileak literatura sorkuntzaren inguruan egiten dituen hausnarketak izango dira.

Dekamerona-ren egitura gogorarazten du Elorriagaren lanak, bi planotan bananduta: batetik, idazle baten lorratzei jarraitzen dien protagonistaren eta bidean topatzen dituen pertsonaien arteko elkarrizketak agertuko dira; eta, bestetik, idazlearenak diratekeen ipuinen transkripzioak. Hartara, nobela edo ipuin-ziklo baten moduan ere irakur daiteke lana; baiki, bata bestearen atzetik tartekatutako narrazioek gai komun batzuk jorratzen baitituzte: familia, memoria, arroztasuna, aurrekariekiko lotura...

Ipuinen estetika surrealismoaren eta absurdoaren artean dabil. Pertsonaien ekintzak usu ulertezinak gertatzen dira magiarentzako lekua dagoen dimentsio batean ulertzen ez badira. Errealismo magikoaren ukituak ditu, beraz, Elorriagaren fikzioak; mamuak dira estetika horren sinbolorik argiena ipuinetan. Memoria Ikasketen arloan adierazi izan den moduan, pertsonaiak tormentatzen dituen iraganaren metafora gisa ageri ohi dira, eta, kasu honetan, ipuin bakoitzaren interpretazio indibidualerako nahiz obra osoaren irakurketari aplikatzeko balio dezake: bigarren planoarekin erkatuz gero.

Interesgarriagoa baiteritzot idazlana osatzen duen bigarren alderdi horri: Soro Barturen, ipuinak idazten dituen egilearen txikitako laguna, Europan barrena dabil sortzailearen arrastoari jarraituz, sortzen dituen testuen iturrira joz, Europako txoko banatan ezagutuko dituen pertsonaiekin Iturriaren lanari eta, orokorrean, literaturari buruzko elkarrizketa sutsuak izanez. Protagonistak gidatutako eztabaida horietan artifizio literarioen balio estetikoen nahiz sorkuntza prozesuaren gaineko diskurtso egituratu bat antzeman dezake irakurleak, zeina, une batzuetan, auto-justifikazio ariketa moduko batera gerturatzen dela iruditu zaidan. Beste planoan aurkezten diren ipuinen irakurketa hertsia egiten baita eztabaida horietako batean baino gehiagotan, eta irakurlearen jarduna gidatzeko arriskua agertzen dela iruditzen zait; preseski, zenbait ipuinen ludikotasunaren aldeko interpretazioa egiteko pistak ematen dira. Are, egilearen obsesioetako bat izan daitekeena azaleratzen da lerro horien artean; behin baino gehiagotan galdetzen dio Barturenek bidean topatzen duen lagunari zelako mailatakoa iruditzen zaion irakurtzen duen ipuina, estetikoki begiratuz, modernoa edo zaharra iruditzen ote zaion. Formatu aldetik, berritasuna dakar lan honek, Elorriagaren besteen antzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.