'Sastraka/Maleza'

Ibili-ibilian

Egileak: Pello Lizarralde, Jose Ignacio Agorreta, Imanol Ubeda eta Imanol Rayo. Argitaletxea: Erein.

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Sastraka/Maleza diziplinarteko proiektuak literatura, pintura, argazkilaritza eta musika uztartzen ditu. Oinarrian Pello Lizarralde idazlearen testua du eta horren aitzakian ekarri dut hona. Jose Ignacio Agorreta, Imanol Rayo eta Imanol Ubeda dira gainerako arte-espresioen atzeko izen-deiturak, liburu euskarritik harago doan —arte-erakusketa ere bada— bidaia artistikoaren beste egileak. Kolaborazio sendoan sortutako lana da, liburuan bertan Lizarraldek azaltzen duenez. Idazlearen amuari Agorretak heldu zion eta ondoren batu ziren proiektura Ubeda eta Rayo, lehenengoa testu zatien gaineko kantak eginez; bigarrena, aldiz, argazkiekin. Testua eta margolanak iruzkintzera mugatuko naiz, lan literarioarekin Agorretaren ekarpenek dutelakoan harremanik estuena.

Literaturaren eta pinturaren hartu-emana da mamitsuena, nire irudiko. Lizarralderen istorioaren txatalak Agorretaren irudi lauso eta iradokitzaileekin tartekatzen dira. Arnasa ematen diote koadroek narrazioari eta, gainera, irakurritakoari zentzu sakonagoa eransten. Ibilaldi bat kontatzen da testuan, hiritik landarainokoa. Ibiltari ezezaguna, autoreak lehenengo pertsona pluralaren bitartez izendatzen duena, tipi-tapa abiatu da hiriko aldirietarantz, bidea erabat ez ezagutuagatik helmugaz jakitun denaren segurantzaz. Protagonista bere memoriakomapan haztaka ari dela lirudike, harako bidean oinek obeditu besterik egiten ez diotela. Azkenerako, abandonatutako etxe batera iritsiko da. Halere, helmuga bezain garrantzitsua da bidea bera, bidean barrena ikusi, entzun eta usaindutakoa. Inguruaz jabetzearen bizi-esperientziaz gain, kontakizunean bestelako gaiak ere sumatzen dira: espazioaren antzaldaketaren ezaugarri ekonomikoak, landaren birmoldaketa, gizakion esku-hartzeek eragindako kalte ekologikoak, naturarekiko harremana...

Agorretaren koadroek bikain harrapatzen dute testuko giroa, eraldaketa etengabean dabilen mundu ez guztiz iraungia, hondar eta zakarren arteko bizi-printzak. Mundu agonikoa dirudi pintoreak begien aurrean paratzen diguna, argi margulez tindatutakoa. Desagertzear dagoela ematen du, lausotzera doala. Testuaren gai gakoetako bat da hori, nire ustez. Lizarralderen testuko estiloari dagokionez, aldian-aldian txinparta poetikorik baduen autorearen ohiko idazkera zehatz eta argia ez ezik, lehenengo pertsona pluralaren erabilera ere nabarmenduko nuke. Horrek eta orainaldiaren aukeraketak berezitasuna ematen diote kontaketari. Luzatuz gero beharbada astun gerta zitekeen, baina testuaren laburra dela-eta ondo eusten dio. Horren bidez irakurlea estuago lotzen du Lizarraldek, protagonistaren ibiliaren konplize bihurtzen du, bere ibileren arnasa berean joateko aukera emanez. Era berean, solemnitate batez janzten du narrazioa, aparteko indar batez. Ubedaren kantek ere oihartzun hori jasotzen dute. Testuak zein bestelakoek nork bere bidaiari ekiteko gonbidapena luzatzen dutela esan daiteke. Azkeneko esaldiak esaten duen legez: «Bada galdera bat gainerakoak itotzen dituena eta ibilian baino ez da aienatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.