KRITIKA. Artea

Hutsaren kristalak

Miriam Isasiren Birika hutsa erakusketako hainbat pieza, Iruñeko Apaindu galerian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Miriam Isasi.'Birika hutsa'

Non: Iruñeko Apaindu arte galeria. Noiz arte: Apirilaren 28ra arte.

Apaindu erakusketa aretoko ezkerrezko espazioan mugimendua sumatzen da. Gunea ilun dago, eta horman ikus-entzunezko bat proiektatzen ari dira; haren aurrean, publikoa esertzeko hiru aulki aurkezten zaizkigu, bata bestearen atzean kokatuta. Isilean, horman proiektatzen den bideoan bi gorputz agertzen dira, eta zuriz, beltzez edo grisez margotuak daude gorputzek osatzen dituzten atalak. Guretzat ezezaguna den dantza bat garatzen ari dira bi pertsonaiak, eta, mugimenduz mugimendu, agertokiak aldatzen zaizkigu: zabaltza, eraikin zurrun bat, pintura erraldoia...

Ez da edonolako dantza, ez, bortitza eta leuna baita aldi berean. Gorputzak, bata bestearen oihartzunak sentitu, eta era koordinatuan mugitzen hasten dira batzuetan. Arnasa hartzeko prozesuaren kristalizazioa da besteetan. Hala, momentu jakin batean dantzarien gorputzen mugimendu naturala kristal bihurtzen da nolabait, eta harekin edota haren hauskortasunaren bidez uztartzen dira dantzariak.

Miriam Isasi artista gasteiztarraren Birika hutsa proiektuaren parte da bideoa, eta, hain zuzen, erakusketa osatzen duen pieza nagusia dela esan genezake. Bada, proiektuak eliteko tiratzaileen mugimenduak, arnasketa eta gorputzaren kontrolarekin loturiko kontzeptuak uztartzen ditu. Hari horri tiraka, artistak bi espazio garatzen ditu: bata, espresuki ikus-entzunezkoari zuzendua; bestea, bideoa osatzen duten kontzeptu eta ezaugarrien zatikatzeari begirakoa.

Hainbat eta hainbat euskarriz osatutako mostra garatzen du artistak. Euskarri horiekin landutako kontzeptuak ironiaren eta anbiguetatearen artean kulunkatzen dira. Horretarako, ikuslea murgiltze prozesu batean kokatzen du: lehenik, bideoa, alegia, kontakizuna; bigarrenik, bideoaren mugimenduen aztarnak aurkezten dizkigun eszenografia.

Halatan, ikus-entzunezkoa atzean utzi eta alboko espaziora gerturatzen garenean, bideoan agertzen diren aztarna eskultorikoek egiten digute harrera. Kristalezko eskulturak, esaterako, lurrean daude kokatuak, eta silikonazko eskulturatxo beltz batzuk haien idulki bihurtzen dira. Bada, horiek zoruan klarionaz margotutako ingeradek lotzen dituzte, nolabait, espazioaren mugimenduaren aztarnak egituratuz.

Horiekin batera, hormetan hainbat eta hainbat fotogramaz ehundutako irudiak ageri dira. Banan-banan aztertzen ditugunean, mugimendu ezaren bitartez gorpuzten den plastikotasunaz ohartzen gara; moduren batean, artistak gorputzen dimentsio eskultorikoa ikusarazten baitu.

Dimentsio hori euskarrien ezaugarriekin integratzen da, eta mostrari izena ematen dion Birika hutsa kontzeptuaren aztarnak sumatzen dira: kristal puztuak, oihal bihurtutako argazki hustuak... Ondorioz, kontzeptu bakoitza bestean integratzen da.

Dena dela, artistak bideratutako hausnarketa ez da irudiaren, gorputzaren eta materialen dimentsio plastikoetara eta estetikoetara mugatzen. Horiekin batera zantzu historikoak uztartzen baitira. Izan ere, Lehen Mundu Gerran artistek izandako rolari egiten baitio erreferentzia Isasik. Eta, besteak beste, hori da dantzarien estetika belikoari erantzuten dion arrazoia.

Geruzak sortzen ditu artistak, eta guk, espazioan mugimendua sortzen dugun heinean, geruza horiei erantzunak aurkitzen dizkiegu. Halaber, geruza horiekin bat hausnarketak garatzen dira, eta espresuki keinu minimoak diren horietan aztarnak agertzen zaizkigu. Bada, oraingoan arnasa hartzeen kristaltzeek harrapatzen gaituzte, eta horiei lotutako hainbat geruzatan erantzun estetiko, historiko eta fisikoak agertzen zaizkigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.