'Eskulturak eta marrazkiak'
Artistak: Oier Iruretagoiena eta Gabriele Muguruza. Non: Berako, Labiaga ikastolako Areto Nagusian. Noiz arte: Abenduaren 18ra arte.Arte erakusketak ikusteko asmoa baldin badugu, gure ohiko hautua museo zein galerietara jotzea izan ohi da, hauek baitira objektu hauen erakusleiho arruntenak. Aurreko batean, ordea, Facebooken Berako Labiaga ikastolako Areto Nagusian inauguratzen zen erakusketa baten berri izan nuen, eta lekuaren exotikotasunak bultzatuta hurbildu nintzen bertara. Eskulturak eta marrazkiak izeneko proposamena da martxan dagoena, Oier Iruretagoienaren eta Gabriele Muguruzaren lanekin osatua.
Kuriositate handia piztu zidan erakusketak hasiera-hasieratik. Batetik, Beraren gisako herri txiki eta periferiko batean egungo artista gazteen erakusketa bat izate hutsa nahiko ezohikoa iruditu zitzaidan, baina, era berean, oso ekimen interesgarria. Era honetako proposamenak, egun, Harriak programaren baitan ikusi izan ditugu, baina bestela ez dira hain arruntak, edo behintzat ez dira hain ezagunak. Eta, gainera, ikastola baten testuinguru fisikoan erakusketa planteatzeak ere deskolokaturik utzi ninduen. Ikastolen alde egin izan dira erakusketak hainbat artistaren ekarpenekin, baina Facebookeko iragarkiak ez zuen halako itxurarik.
Bertaratzean, hala, aurretik iragarkiak sortutako nahasmenak argituz joan ziren banan-banan, pixkanaka-pixkanaka. Hasieran, zuzenean ikastolara joan ginen, baina itxita zegoen; han ez zen erakusketarik. Facebookeko iragarkia bilatu nuen berriz ere mugikorrean, eta helbidea Google maps-en ipini. Haren argibideei segika hasi gintzaizkion, harik eta ezagun batekin topo egin genuen arte. Ohiko lehen agurra eta elkarren kontuak berritu ostean, erakusketaren berri eman genion, eta hark naturaltasun osoz esan zigun, Beran oso ohikoa zela areto horretan erakusketak izatea, urtean hainbat izan ohi zirela.
Errepide alboan dagoen areto txikitxo bat da Labiaga ikastolako Areto Nagusia, zutaberik gabekoa eta zabal baino luzeagoa. Leiho batzuk ditu ezkerreko horman; ez gehiegi, eta txikiak. Hormak berriz, zuriz pintatuak eta gelaren sakonean, mahai baten aurrean eserita, aretoa zaintzen duen emakumea zegoen.
Espazioaren barnean, berriz, erakusketaren izenburuak aipatzen duen moduan, Eskulturak eta marrazkiak daude. Badirudi ez duela inolako diskurtsorik transmititzeko asmorik mostrak, baina bi artista gazteen lanen artean sortzen den dialektikak ezin hobeto funtzionatzen du, estetikoki behintzat. Iruretagoienaren izaera organikoko eskulturak eta Muguruzaren izaera geometriko, zurrun eta abstraktuko marrazkiek elkar osatzen baitute, batzuk besteen luzapenak bailiran.
Iruretagoienaren lanek gainazaletara garamatzate, geruzetara, testuretara. Erakartzeko ahalmena dute, disekzionatzeko irrika sortzen dute, ukitzekoa, ezagutzekoa, geruzaz geruza, kanpotik zein barnetik, arrasto arkeologikoak bailiran. Gizakiok gure ingurunearekin eta berau osatzen duten materialekin —natural zein artifizialak izanik ere— ditugun harremanak biltzen ditu bere eskulturetan. Zenbaitetan geruza horietako batzuk askatu, eta modu independentean funtzionatzen dute, espazioko beste elementuekin bat eginik eta Muguruzaren lanekin uztartuz; azken hauek, geruzetan hala nolako zoom optikoak egitea ahalbidetzen baitigute, Iruretagoienaren 1:1 eskalatik abiatuta.
Lan hauek hotzagoak eta analitikoak dirudite hasiera batean, lerro zurrunez osaturiko egiturak irudikatzen baititu artistak. Baina egitura hauek geruzen nukleoen irudikapenak ere izan daitezke, bere margoek egituren oinarrizko formak jasotzen dituztela baitirudi. Honela, lan hauek erakusketa itxi eta borobiltzeko gaitasuna dute. Argizarizko margoez pintatutako zenbait lanek Iruretagoienaren gainazal organikoekin bat egiten dute, eta, era berean, zoom optikoa zabaldu, eta bere lanek aretoaren berezko beste elementuen oihartzuna ere badakarte: leihoetako burdinazko barroteena, edo sabaiko egurrezko saretarena, besteak beste.
Behin baino gehiagotan planteatu izan da arte garaikidearen eta gizartearen artean dagoen arrakala; ea bi esparruak banatzen dituen zuloa nola itxi edo hurbildu ote daitekeen. Agian halako ekimenek, hau da, herri txiki periferikoetan arte garaikideko erakusketak egitea ohiko bilakatzeak, eta normalizatzeak, lagunduko luke horretan.