'Karramarroa'
Konpainia: Dxusturi. Zuzendaria: Pablo Ibarluzea. Testuak: Dxusturi, Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe eta Marcela Iacub. Eszenografia: Atx Teatroa. Argien diseinua:Zigor Gorostiola. Jantziak: Azegiñe Urigoitia. Antzezlea: Eneritz Artetxe. Lekua: Gernikako Trinkete antitxokoa. Eguna: Ekainak 8.Udaberrian Gernikako Trinkete antitxokoak Atxiki izeneko antzerki-zikloa antolatzen du, formatu txikiko lau antzezlanekin. Niri behintzat denboraldi amaierako oparia iruditzen zait, alde batetik, zirkuitu arruntetan nekez sartzen diren lanak ikusteko aukera ematen didalako, baina, bereziki, bertan sortzen den giro abegikor eta askearengatik.
Aurten, lau emakume izan dira protagonista, eta haietariko bakoitzak bakarrizketa eran aurkeztu du bere proposamena. Enriqueta Vegaren Diva di Palo lanarekin hasi zen zikloa, garai bateko kabaret-izar baten gainbehera estilo erdi malenkoniatsu erdi ironikoan aurkeztuta, eta hurrengo emanaldietan Bea Insaren Circus of Dreams eta Maite Gebararen ¡Ahora! ikusi ditugu. Bien proposamenak desberdinak izan arren, bietan nabarmendu dira kemen pertsonala eta ikusleei emanaldi entretenigarri bat eskaintzeko gogoa. Azkenik, Eneritz Artetxeren Karramarroa izan da euskarazko emanaldi bakarra, eta aipatzekoa da oraingo honetan aurreko hiruretan baino askoz ikusle gehiago etorri direla Trinketera.
Bakarlaria bainujantzi beltzarekin eta betaurreko beltz ausartekin azaldu da Iparraldeko hondartza batean eta han ezarri du bere inperio txikia, hamaka beltza eta poltsa beltza lagun. Lurraldea defendatzeko, tankeen eta orga blindatuen kontrako langa arantzadunak eta guzti paratu ditu, eta dekorazioaren muturreko eskematizazioan, alanbre bihurri batzuek sinbolizatu dituzte inguruko tamarizak eta guardasola.
Beltzak izan dira eguzkitarako krema-flaskoa eta irakurtzeko ekarri duen liburu marduleko orriak ere, gure protagonista oposaketak ari delako prestatzen. Oposaketa manipulatuak agian, ikusleen barre artean entzun dugun legez. Beraz, alde estetikotik beltza izan da nagusi, eta telefono rola bete duen karramarro handia emanaldi osoko pieza koloredun bakarra izan da. Haren bidez komunikatu da zulo beltzean dagoen emakumea superwoman izatea eskatzen dioten gizonekin. Seguruenik, bake bila gotortu da hondartzan.
Zenbait emakumeren idazkiekin josi den testuak era askotako gogoeta mamitsuak plazaratu ditu —gorputz lirainen tirania, zaintza-lanak emakumeen gainean lagatzeko joera, norbera larri gaixotzearen obsesioa, ahaleginen aurrean geure buruari jartzen dizkiogun aitzakiak...— eta beltz nagusiaren aurrean oso kromatikoa izan da interpretazioa, ahots tonu ugarietan, keinu aberastasunean eta bat-bateko aldaketetan oinarrituta. Artetxek berba egiteko duen abiadura itzela dela eta, seguru nago testuko ñabardura asko galdu ditugula, eta beharbada alde fisikoei sakoneko mezuari baino garrantzi handiagoa eman die, baina, duda barik, Konpota harekin urratu zuen bidea finkatuta geratu da oraingo Karramarroa-rekin.