Kritika. Antzerkia

Hodei beltzak zerumugan

Agus Perez.
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
'De ratones y de hombres'

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 8.

Bilboko Arriaga antzokian eta erabateko arrakastarekin izan da De ratones y hombres antzezlanaren estreinaldi absolutua. John Steinbecken Of Mice and Men eleberriak (1939) indar handiz deskribatzen du AEBetako nekazaritza-ustiategi handietako jornalarien bizimodua, langileen arima landugabean arakatuz eta haien arteko gatazkei dimentsio benetan haraindikoa emanez. Egileak ez zuen bereziki sakontzen sistema kapitalistaren jabetza eta produkzio harremanen gaiztotasunean, baina pertsonaien gizatasun soilaren eta egoera gordinen deskribapen hutsa nahikoak izan ziren Gerra Hotzaren garaian Steinbeck komunistatzat jo eta baztertua izan zedin.

AEBetan jatorrizko eleberritik antzerkirako bertsioa sortu bazen ere, gurean ezaguna egin zen Gary Sinisek izenburu berarekin 1992an zuzendu zuen filma, John Malkovich handia Lennieren rolean zegoela. Arriaga antzokiaren koprodukzioan estreinatu berri den honetan ere izen ezagun batzuk elkartu dira, eta haien artean gutxienez hiru euskal herritar ditugu: Joxean Bengoetxea protagonistaren jornalari hurkoa, Rafael Martin ugazaba eta Juanjo Llorens argi diseinu ederraren egilea.

Baina Euskal Herriko izenak aipatu baditugu ere, argi dago emanaldiaren bikaintasuna elementu guztien arteko kohesiotik eta, bereziki, antzezleen arteko elkarlan eredugarritik etorri dela. Izan ere, antzezle guztiek soberan eman dute pertsonaia bakoitzari eskatu ahal zitzaion dentsitatea, protagonismoa haietariko hiruri egokitu zaien arren. Roberto Alamok gorpuztu du, ederki gorpuztu ere, adimen urrikoko Lennieren figura, eta bere bidelagunarena Fernando Cayok egin du, haren efikazia berberarekin. Antzezlaneko emakume bakarra Irene Escolar izan da gizonen arteko jokaldi probokatzailean, baina haien guztien gainetik Miguel del Arco ibili da, zuzendaritza lan sakon, integratzaile eta poetikoa azken ondorioetarako eramanez.

Arnau Vilaren soinu-banda ia subliminalak kontakizunaren pauso guztiak girotu ditu eta Eduardo Morenoren dekoratu irudimentsuak era zinematografikoan bildu ditu mundu hartako izaki bakartiak eta beraien amets apalak. Zerumugan proiektatu diren ekaitz hodei beltzek, ordea, aldian behin gogoratu digute zeruan idatzita zegoela iragarritako tragediaren amaiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.