Literatura. 'BAKARMORTUKO KRONIKAK'

Hiztegia berritu beharrez

2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Egilea: Mikel Antza.

Argitaldaria: Ateramiñe.

Bakarmortuko kronikak Mikel Antza presoaren liburua da. 2004ko urritik 2005eko ekainaren bitartean idatzia. Atea bota ondorengoak ataleko hitzak hainbat paper txataletan zirriborratu zituen —Marixol emaztearekin eta semearekin batera atxilotu zuteneko uneak—. Moulins, Naoned eta Seysses-eko kartzelakoak, Lyongo ospitalekoak eta Oihaneko kronikak atala hiru kaieratan idatzi zituen duela zazpi urte. Idatzi nahi ez nituenak da liburuaren azpititulua.

Idazle izan gabe, nekez idatziko luke preso dagoen inork tamainako lekukotasunik. Antzak isolamendu erabatekoa jasan zuen, tortura psikologikoa, bakartasuna, baita hainbat gose grebaren ondoriozko suntsipena ere.

Idazleak bizitakoa narratzea erabaki du, baita imajinazioak eskaintzen dion zoria bertsotan paratzea ere. Ezintasunen eta mendekotasunen espazioan, emaztea eta semea bihotzean, herria gogoan, kantu ezagunak buruz ikasteak laguntzen du bizitzen presoa. Euskal gudaritzat dauka bere burua, Eusko Gudariak abesten du sarritan protesta gisa. DPS siglapeko presoa da: Détenue Particulièrement Signalé (DPS). Antzak DSB siglen errana hobetsi du ordea: Deserriratu, Sakabanatu eta Bakartutako presoa. Halaber, DSBri aitzi egiteko antidotoa du HKM: Herria, Kolektiboa eta Maitasuna.

Espetxeetako hiztegiaren berri ekarri du. Hitza du makulu. Bakarmortua Antzarena da. Kartzela, labirintoaren labirintoa izaki, berau deskribatzeko hitza dugu Bakarmortua. Hiztegikoak dira hauek ere: Behatxuloa —Sonia Gonzalez idazleari hartutako mailegua— edo bere esperientziako Guantamoulins; Guantanamo gogoan. Herrimina eta maitemina hitz arruntak dira preso dagoenaren hiztegian.

Sistema du afruntu Antzak. Gertu dago sistema ankerrari aurre egiteko, medikuen edota kartzelarien jukutriak tarteko. Gartsu egiten die buru, euren zeregina ez dela neutrala adierazten die. Bestera agertu nahi badute ere, kartzela-sistema ankerraren uhalak mugitzen dituzten funtzionarioak direla sutsuki adierazi ere.

Mikel Antza ez da bakarrik sentitzen. 700 errepresaliatuekin dago, EPPK kolektiboa barne, baita sasian daudenak ere, eta herri bat: «Gure Herriaren askatasuna ametsa gauzatzeko grinaz. Baldar askotan, bihotz zabal beti. Herriarenak garelako, Herriarenak egin gaituztelako eta Herriarentzat garelako» dio.

Eta segi nezake. Baina neroni ere baldar idazteko unea heldu zait, liburuak bihozmina eragin badit arren, baita herrimina sakonarazi ere. Kirrinka egiten didaten hitzak jalgi baitzaizkit gogora. Bergizarteratzea, kasu. Hitz madarikatua iraganean. Euskal presoek ez baitzioten gizartean egoteari laga inoiz. Presoa ez ei zen gizartetik at, ez zeukan zertan bergizarteratzerik. Kartzela ez dela balekoa presoa bergizarteratzeko dio egileak orain.

Mikel presondegira iritsi zenean, zein neurritan iritsi zen gizartetik? Ez ote zen, naski, beste bakarmortu-tik heldu? Sistematik at zebilen, baita sistema suerte baten arabera funtzionatu ere, pentsu dut. Zein neurritan ez ote dute sistema biek elkar elikatu? Legea ezartzen duen sistemak eta legearen aurka dihardutenen sistemak. Eusko Gudariak kantuaren (h)arieran: ba al dago erkatzerik 2000. urte inguruan armak eskuetan ibilitakoak eta iragan mendeko gerrako frontean jardun zutenak? Noiz berrituko dugu gure hiztegia? Gudari edota damu hitzak, berbarako.

ETA bainoago ATE hobetsi beharra zegoen, akaso. Hots, Askatasuna lehenetsi Euskadi hobetzeko. Ataramiñez diot, maitasun osoz erran ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.