'El diccionario'
Egilea: Manuel Calzada Perez. Zuzendaritza: Jose Carlos Plaza. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Abenduak 20.
Garai bateko altzari pilatuek eta era guztietako trasteek osatu dute El diccionario antzezlaneko dekorazioaren erdigunea, iraganera egindako bidaiaren adierazgarri. Anabasa sinboliko horren albo banatan sendagile baten kontsulta eta protagonistaren etxea eta lanlekua irudikatu dira, ahalik eta elementu gutxien erabiliz, eta Maria Moliner galtzerdiak pasarazten irudikatu dute, ohikoa zuen legez. Laster altxatu da, ordea, zeregin xume hartatik eta erdiguneko tribunatik ekin dio bere lehen diskurtso argiari.
Maria Moliner filologo eta lexikografoa Aragoiko herri batean jaio zen (Espainia), XX. mendearekin bat, eta bere maila akademiko bikainean eta ideia progresistetan bermatuta, konpromiso handia hartu zuen II. Errepublikaren garaian, kulturaren aldeko jarduerak antolatuz eta, nagusiki, Estatuko Liburutegien Plana diseinatuz. Horren ondorioz, errepresaliatua izan zen gerraostean, baina hala ere, nekaezin jarraitu zuen lanean, gaztelaniazko hitz guztien esangurak birdefinitzen eta haien arteko loturak era organikoan ezartzen, askotan Real Academia delakoaren irizpide zaharkituen aurka. Metodo iraultzaile horren bidez sortutako hiztegi monumentala bakardadean, bere etxean eta eskuz egindako fitxak betez prestatu zuela pentsatze hutsak hotzikarak ematen ditu, baina espainiar Akademiak uko egin zion Moliner bere baitan onartzeari, erakundearen betiko lotsarako.
Lehen esandako disposizio eszenikoa eta soinu-paisaia ere organikotzat jo ditzakegu, hiztegia bezala, euren arteko harremana naturala eta beharrezkoa izan baita Molinerren handitasunari heltzeko. Egileak, aldiz, ikusleen esku utzi ditu protagonistaren bizitza osatzeko elementuak —hitzaldi akademikoetako pasarteak, senarrarekin izandako harreman gozoa eta tirabirak, tribunal militarreko itaunketa...—, eta neurologoaren eta Molinerren arteko solasaldi mamitsuek egituratu dute argumentuaren garapen lausoa.
Oroitzapenen erara, atzera eta aurrera joan da kontakizuna etengabe, eta antzezlanak ez du argumentu zehatz baten beharrik izan, ikusleok nahikoa izan baitugu protagonistaren izatezko apaltasunaz eta ironia paregabeaz gozatzearekin. Horretan, dudarik gabe, ezinbestekoa izan da Vicky Peñaren interpretazioa, finezian eta sakoneko jarreran jatorrizko pertsonaiaren altueran egon dena. Peñaren pare egotea zaila izanik ere, solaskide egokiak izan dira Helio Pedregal eta Lander Iglesias —medikua eta senarra hurrenez hurren—, eta hiruren artean ahanzturatik berreskuratu dute emakume setatsu eta borrokalari haren figura.
Kritika. Antzerkia
Hiztegi setatsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu