Literatura. 'Familiako lexikoa'

Hitzei memoria jarriaz

Idazlea: Natalia Ginzburg. Itzultzailea: Fernando Rey. Argitaletxea: Igela.

Irati Majuelo.
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Hamaika aldiz aditu dut istorio hori!». Hala amaitzen da Familiako lexikoa, esaldi bakarrean laburbilduaz lan osoaren esentzia. Istorioek, anekdotek, esamoldeek egituratzen dute Ginzburgen lan hau, sustrai autobiografikoa duen arren eleberri gisara irakurri behar dena, idazleak hasiera-hasieran gomendatzen duen gisara: «Ez dut idatzi gogoan nuena besterik. Horregatik, liburu hau kronika bat balitz bezala irakurtzen bada, hutsune franko dituela leporatuko zaio. Liburu hau errealitatetik aterea izanagatik, nobela bat balitz bezala irakurri behar da nire ustez, hau da, nobela batek eskain dezakeena eskatuz, ez gehiago ez gutxiago».

Ez gehiago, ez gutxiago, etxeko hiztegiari begira jarri zen Ginzburg lan honetan, ezer asmatzeko tentazioari edota imajinazioari libre ibiltzen utzi gabe. Levi familiaren hitzetatik abiatzen da hitz larriz idazten den historia horren oinarri diren istorio pertsonalak errelatatzeko. Hala bada, bere aita, ama eta anai-arrebak dira protagonista, baina baita familiako lagunak, auzokideak, maitaleak eta militantzia-kideak ere, sendiaren esanahiari ulerkera zabala emanez: finean, haurtzaroan eta gaztaroan inguruan izan zituen pertsonen istorioek josten dute eleberria, hizkuntzak memoriara ekartzen dituen esamolde zein esaldi gogoangarriak akuilu gisa erabilita.

Esan bezala, ordea, Familiako lexikoa ez da familia italiar judu baten liburu autobiografiko huts bat. Anekdota eta oroitzapenei tira eginez, II. Mundu Gerlaren bueltako Italiako testuinguru politiko-soziala marrazten du Ginzburgek, faxismoaren gorakada eta nazien okupazioa, gerlaren aurreko inozentzia eta ondorengo arrangura, lagunartea eta erresistentzia. Hortaz, hasiera batean umetako memoriak direnak, aitaren zurruntasunaren eta anai-arreben liskarren bueltan kokatzen direnak, familia antifaxista eta judu baten bizi-minetan bilakatzen dira denborak aurrera egin ahala. Ez dira gutxi memoria-matazatik erreskatatzen dituen gertaera lazgarriak, hala nola erbestea zein bere senar Leoneren torturapeko heriotza. Alabaina, tonu melodramatikoari izkin egiten dio Ginzburgek, historiaren garai ilun hari hitzak, irudiak eta pertsonak jartzea baita bere eginkizuna. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da bere familiaren historia den liburu honetan, apenas agertzen dela azaltzen dituen gertakariek berari sorturiko sentimendurik, emoziorik. Kamera zinematografiko batekin grabatzen egongo balitz bezala idazten du sendiari buruz, perspektiba subjektibotasunez aukeratuz, baina pantaila aurrean agertu gabe. Laguntasuna eta literatura dira, bestalde, zorigaiztoko urteoi argia ematen dieten euskarriak: Vittorini, Calvino, Paese ezinbesteko dira Ginzburgen lexikoan.

1963an argitaratu zuen Ginzburgek, eta aurretik beste hainbat liburu atera bazituen ere, Familiako lexikoa-ri esker lortu zuen kritikaren arreta. Irakurleen artean arrakasta lortuta, aurretik idatzi zuenari balioa emateko atea ireki zion dotoreziaz eta zorroztasunez ondutako liburuak. Elegantzia berberaz itzuli zuen Fernando Reyk 2004an, eta hala berrargitaratu du Igelak orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.