EGO
Zuzendaria: Ruben Gimeno. Sopranoa: Jone Martinez. Narratzailea: Eneko Sagardoi. Egitaraua: Beethovenen Ah, perfido!eta Egmont. Lekua: Donostiako Kursaal. Eguna: Urtarrilak 2.Euskal Herriko Gazte Orkestrak neguko topaketan aurkeztutako Heroiak programak ere Ludwig van Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena izan du ardatz. Musikari gazteek berariazko klaseak eta entsegu ordu ugari izan dituzte Beethovenen inguruko mirespen zurrunbiloan hain ohikoak ez diren obrak publiko aurrean eman baino lehen.
Hainbat opera libreto idazteagatik ezaguna den Pietro Metastasioren testua darama 1796a konposatutako soprano eta orkestrarako Ah, perfido! eszena eta ariak. Jone Martinez sopranoaren ahotsak, pieza honi normalean atxikitzen zaion dramatismo pisutsutik urrun, lerro finez marraztu zituen maitale traidoreari zuzendutako deiadarrak. Mendeku grinak eta abandonuaren atsekabeak sortutako sentipenen artean, orkestra eta Martinez tarteka bi geruza desberdinetan zeudela zirudien, baina betiere trinkotasuna mantenduz, zuzendariaren keinu bigunek izaera aurkitu eta zehaztearen lana oztopatzen zuten arren.
Goethek ideia argiak zituen bere poemen eta musikaren arteko harremanaren inguruan: F. Schuberten eskutitz eta proposamenei, adibidez, ez zien jaramon handirik egin; tartean, 25 urtez ikerketa egin zuen bere Soinuen teoria itzela osatzeko. Baina badirudi Beethovenek Egmont tragediarentzat idatzi zituen hamar piezak poetaren gustukoak izan zirela; egun, obertura maiz entzun daiteke aretoetan, Bonneko jeinuaren musika heroikoaren zutoihal gisa. Tamalez, Kursaaleko Ganbara Aretoan berehala asetu zen orkestraren soinua, eta musikarien ahaleginen gainetik distirarik gabe geratu ziren obertura eta bukaerako Garaipen sinfonia. Haatik, edertasun handiko uneak ere izan ziren, esaterako, oboe bakarlariaren fraseatzea Entracte III-n; Martinezen parte-hartzeak ere bai Klararen paperan, bereziki leun Freudvoll und leidvoll zatian. Eneko Sagardoik, bere baitan sartua nolabait, norabide zehatzez garatu zituen tonua eta prosodia musika zeharkatzen duten bakarrizketetan, euskarazko deklamazioak materia bihurtuz ia.