Literatura. 'Kamisoi zuri zetazkoa'

Hitz grafikoak

Testua: Alaine Agirre. Ilustrazioak: Sara Morante. Generoa: Eleberria. Argitaletxea: Erein.

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Iazko azaroan kaleratu zen Kamisoi zuri zetazkoa, Alaine Agirreren sorkuntza emankorraren azken katebegia. Egile oparoa baita, 2014an lehen lana kaleratu zuenetik liburuak etengabe argitaratua: hiru nobela, poema liburu bat eta beste hainbat lan haur eta gazte literaturan. Oraingo Kamisoi zuri zetazkoa hau kontakizun ilustratua dugu, eserialdi batean irakurtzeko moduko 55 orrikoa.

Ezin esan, hargatik, liburu arina denik. Latza baita istorioa, eta laztasun horretan sakontzeko pentsatua du idazkera. Kontatua dago esaldi motz eta irmotan, eta bakoitza ia ukabilkada bat bezala irakurtzen da. Alabaina, ipuinaren laburra eta idazkeraren soila gorabehera, eta protagonista narratzailea haur bat izan arren, ez nuke haur eta gazteentzako literaturatzat joko.

Kontakizunean, Libek uda batean ingelesa ikasteko kanpamentuetan izandako esperientzien berri ematen digu. Heltzearen, emakumetzearen hastapenekin dago kezkatua protagonista: lehen hilekoaren «lotsa eta ikara. Tabua eta sekretua», lehenbiziko titi zorroak, heldu izateko irrika xaloa. Heltze inuzente bat da udako kanpamentu horretakoa, harik eta esperientzia lazgarri eta traumatiko batek goitik behera inarrosten duen arte. Gertatu beharrekoa ezari- ezarian gertatzen da, abiadura artegagarriz, eta irakurleak ia begiak itxita bezala egiten du aurrera, jakinik desastrea badatorrela baina zehazki noiz lehertuko den jakin gabe, harik eta ohartzen den arte ez dela benetan lehertzen, pixkanaka garatuz joan den eztanda leun bezain sakon bat dela guztia. Efektu indartsua da benetan, aztoragarria, kontaerak eta idazkerak lagundua; bukaera poetikoak ere ia beldurrezko film baten azken cliffhanger-aren usaina dauka.

Ezin ahaztu, baina, Kamisoi zuri zetazkoa-ren beste egilea, Sara Morante ilustraziogilea. Gure gizartean, badirudi haurrak direla ilustrazioen eta animazioaren helburu, eta pertzepzio hori oso poliki ari da aldatzen. Esan dugu, baina, ilustraziook ez daudela haur eta gazte literaturarako lan batean. Ez naiz egokiena arte grafikoari buruzko juzguak emateko, baina esango nuke ilustrazioak eta testua erabat bermatzen direla bata bestean, eta nolabaiteko elkarrizketa poetiko bat ezartzen dutela elkarrekin. Hain justu ere, marrazkiek —bai eta testuaren maketazio-diseinu ederrek ere— areagotu egiten dute testuaren poetikotasuna; hainbat xehetasun azpimarratzen dituzte, eta, literalegiak izan gabe ere, Agirrek testuan botatzen dizkigun hainbat irudi nabarmentzen edo lausotzen dituzte. Pertsonaiaren osagarri ere badira, haien aurpegi zurrun eta hieratikoek ezin hobeto egiten baitute bat Agirreren idazkerarekin, protagonistaren kontatzeko moduarekin.

Liburu polita da, bati baino gehiagori ondo etorriko litzaiokeena komikiak, nobela grafikoak eta halakoak irakurtzen ikasteko (horretan ere ikasi egin behar baita). Anbizio neurtua du, eta, bere xumean, erakusten digu zeinen ederki lotu dakiokeen testua irudiari eta irudia testuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.