Idazlea: Irene Nemirovski.
Itzultzaileak: Mikel Garmendia eta Joxe Antonio Sarasola.
Argitaletxea: Alberdania.
Irene Nemirovski (Kiev, 1903 -Auschwitz, 1942) XX. mendeko idazlerik handienen artean paratu behar da. Euskarara itzuli zaion laugarren lana da hau, Dantzaldia, Arimen maisua eta Birjinak argitaratuen ostean. Miarritzen, Urruñan zein Hendaian egin egonaldi ugariek eta euskaraz ikasi izanak, haren irudia hurbildu egiten digu euskaldunoi. Burges aberats berrien alaba bakarra izaki, hezkuntza frantsestua jaso izanak lagundu zion, 1912ko Urriko Iraultza boltxebikearen ondorioz familiarekin ihesi irten ostean, Parisko bizitzara egokitzen. Hogeita sei urterekin, kritikaren babesa lagun, idazle kontsakratu bihurtu zen David Golder lanari esker. Gaurkoan aipagai dugun obra Bigarren Mundu Gerran kokatzen da, Alemaniako abiazioak Paris bonbardatu atarian. Alarma sirenen beldurrean hasten da eleberria, eta Alemaniak eta Errusiak gerrari ekitean amaitu. 1942ko uztailaren 14an sartu zuten Auschwitzeko kontzentrazio esparruan Irene Nemirovski judua, eta abuztuan hil zen tifusak jota. Ez zuen gerraren amaiera ezagutu. Elisabeth eta Denise Epstein alabek amaren maleta bat gorde ahal izan zuten urtetan, haren izkribuak biltzen zituena. Urte mordoaren ostean aurkitu zuten kalitate eskaseko orri eta tinta kaxkarreko letra txiki-txikizidatzitako koaderno batean ezkutuan egona zen obra. Transkribatu, mekanografiatueta 2004ko Renaudot saria eskuratu zuen Frantzian, eta berehala nazioarteko arrakasta lortu.
Obra hain da oparoa eta hainbeste pertsonaia badira bertan, alferrik litzateke hemen adierazi nahia. Bi zatitan banatzen da, Ekaitza ekainean eta Dolce izenekoetan, nahiz egileak bost ataleko eta milaka orriko lana izan buruan, betetzerik izan ez zuena. Lehenengo atalak exodoa, iheslarien kronika du narrazio hari, Paristik landarako bidean, herriz herri. Mugarantz edo babeslekuetara aberatsenak, bizirik irauteko ahalegin itsuan gehienak. Elkartasun pasarte hunkigarriak eta berekoikeriaren alderdirik ilunenak elkarren ondoan dakusagu, behin izakia muturreko egoera kritikoetan jarrita. Bigarren zatiko kontakizuna armistizioa sinatu ostean Frantzia erdialdeko herri batean kokatzen da, tropa naziak zenbait hilabetetan okupatua izan zuten herrian. Deskribapen azalekook adierazten dutenez, ez da fronteari buruzko eleberri bat. Gerra estrategien atzeangeratzen direnei begira dago, pertsonaiei, pertsonari. Gainera, kolektiboak (alemaniarrak, frantziarrak) uniformeki blokean ez epaitzeko, haien gaineko iritzi bateratu bat ez emateko saioa ere bada, nahiz egileak maisuki bereizi klase ezberdintasunak dakartzan ondorioak. Exodoak zein okupazioak ez du berdin eragiten. Politikari eta handikiak prest dira aliantza berrietarako. Burgesek elkar zaintzen dute. Berdintasunik nahi ez, eta herriaren beldur dira aristokratak. Herriaren errealitatea, berriz, bizirik irautarena da. Nemirovskiren begiak okupazioaren kontraesanak ikusten lagundu dit, eta kolaborazionismo hitz arranditsuaren atzean zenbat bizipen dauden pentsarazi. Okupatzailea eta okupatua bizirik irautera behartuak daudenean, etsai hiltzaile gaiztoaren irudia halabeharrez eraldatzen da elkarbizitzan. Esango nuke egileak gertatzen zena epaitu gabe narratu nahi zuela. Eta gertatzen zena bizitza bera da. Horregatik, naturaren deskribapenei pasarte luzeak eskaintzen dizkie gerraren kontrastean aurrera dagiela erakutsi nahian. Biziaren jakituria da berea, barne bulkadak eta haien ondorioak ulertzen dituena epairik eman gabe. Sufritzen ari zen jazarpena gorabehera, bere inteligentziak pertsonaia oro herrarik gabe deskriba zezakeen, jakitun balitz bezala etorkizunak ez zuela mendekurik behar bere eskutik, ezta Historia narraziorik. Obra eder eta zirraragarria utzi zigun, Historiaren ifrentzua, adimen eskuzabal baten opari bizia.
Literatura. 'SUITE FRANTSESA'
Historiaren ifrentzuaren oparia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu