KRITIKA. Antzerkia

Hirugarrenez, Carmela

Agus Perez.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'¡Ay, Carmela!'

Egilea: Jose Sanchis Sinisterra. Zuzendaritza: Ramon Barea. Soinu-eremua: Adrian Garcia de los Ojos. Jantziak: Betitxe Saitua. Argiak: Fernando Alcauzar. Antzezleak: Olatz Ganboa, Diego Perez.Lekua: Bilboko Pabiloi 6 aretoa. Eguna: Irailak 19.

Sanchis Sinisterra egile valentziarraren (Herri Katalanak) ¡Ay, Carmela! antzezlana berreskuratu du Bilboko Pabilioi 6 aretoak. Dena esan behar badago, honezkero hirugarrenez ikusi dut obra bera: lehendabizikoa Euskaldunon Egunkaria jaio aurretik izan zen —Bilboko Arriagan, Luis Iturriren garaian— eta bigarrena orain dela hamahiru urte, Santurtziko Serantesen. Beraz, klasiko bihurtzen ari zaigu Sinisterraren obra hau, eta interesgarria da baloratzea zelan ikusten dugun lan bera aro diferenteetan, batez ere Espainiaren menpe nahitaez bizi diren nazioen perspektibatik ikusita.

Edozein modutan ere, ¡Ay, Carmela!-k beti gordeko ditu bere baitan frankismoaren jokabide totalitarioaren salaketa adoretsua eta, beste ezeren gainetik, jende apalaren duintasun nahia. Alde horretatik, ezin egokiak suertatzen dira Paulino eta Carmelaren pertsonaiak, beren miseria eta kontraesanekin ederto islatzen dituztelako giza arimaren nahiak eta ezinak: Carmela idealistagoa da, ausartagoa, eta Paulino, berriz, praktikoagoa. Argi dauka zelako gizatxar zitalak dituen aurrean eta zein indar gutxi daukan haiei aurre egiteko. Era batean edo bestean, biak jabetuko dira beren patuaz, haietariko bakoitzarentzat beranduegi izan arren.

Sinisterraren testuan Carmela eta Paulino dira nagusi, eta haiek agertuko dira fisikoki taula gainean, baina argumentuan zehar beste pertsonaia batzuek ere jokatzen dituzte beren rolak, fisikoki izan ez arren —Gustavete adimen urriko laguntzailea, Mussoliniren agindupeko sarjentu italiarra, Garcia Lorca bera...—, eta egileak maisuki jokatzen du ekintzaren planoekin, denboran atzera eta aurrera joanez, errealitatea eta Paulinoren eldarnioak konbinatuz eta bizidunen zein hildakoen munduak oso era interesgarrian elkartuz.

Ramon Barearen zuzendaritzapean eta dekoratu naturalista batean bermatuta, nagusitasun osoz jokatu dituzte beren rolak Olatz Ganboa getxotarrak eta Diego Perez bilbotarrak: erabateko segurtasuna erakutsi dute hasieratik bertatik, bikote dramatiko bikaina eraiki dute bien artean eta haiei esker gainditu dira esandako trantsizioen arteko zailtasunak eta jatorrizko testuak dakarren varieté erako pasarte luzeegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.