Vicente Ameztoi
Lekua: Koldo Mitxelenako Ganbara aretoa. Donostia. Noiz arte: martxoaren 23a arte.
Etxe ondotik izenburupean aurkeztu dute Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan Vicente Ameztoi euskal artistaren inguruan antolatu den azken erakusketa. Izenburua artista eta familiaren Villabonako etxetik datorkio, non haren heriotzaren 10. urtemuga zela eta, Villabonako udalak bere erakusketa antolatzea erabaki zuen, bertan bizi izan baitzen azken hamarkadetan. Urte bat geroago, eta izenburu berarekin, erakusketa bere osotasunean Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan aurkeztu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko arte bildumatik gehitu zaizkion hiru artelan berrirekin batera.
Erakusketa artista donostiarrak sortutako 50 lanek osatzen dute. Ameztoik hainbat bide jorratu zituen artelanak sortzeko orduan, eta hori nabaria da bertan ikus ditzakegun teknika anitzetan: litografia, olioa eta grabatua, besteak beste. Margolanak, kaxetan sortutako konposizio tridimentsionalak, eskultura, kartelak, marrazkiak... denek dute bere txokoa Koldo Mitxelenako 3. solairuan. Ezagutu zutenek hitz gutxiko pertsona zela diote, aurkezpen publiko eta elkarrizketen ez oso laguna. Artistak berak gordetzen zuen intimitate hori Ganbara aretoan ezin hobeto islatzen da, bertaraino iritsi eta espazio txiki horretan sartu orduko harekiko gertutasuna nabaria baita, berak sortutako mundu onirikoan murgiltzeraino.
Erakusketa aretoko ibilbidea hotz hasten du ikusleak. Bertan marrazki eta tenpera batzuk informalismora gerturatzen diren pare bat lanekin nahasten dira. Erakusketan aurrera goazen heinean, espazioak eta artelanak indarra hartzen doaz, eta objektu, forma, collage nahiz marrazki ezberdinez osatutako hainbat kaxa tridimentsionalek Ameztoiren sormen basati eta neurrigabearen askatasuna erakusten dute, kaxa baten barruan sormen eztanda bat gordeko balitz bezalaxe. Baina eztanda horiek baretuz doaz, artelanak geroz eta kontrolatuagoak direlarik, interes apur bat galdu gabe aurretik basatia zena lan arduratsu eta garbian bilakatuz. Ikuspuntu horretatik zoragarriak dira aretoko atzealdeko bi aldeetan harroki aurkezten zaizkigun bi margolanak, 1976 eta 1977. urteetan sortutakoak. Formatu handiko margolan horietan Ameztoik giza irudiak sortzeko erabiltzen zituen landare motiboak erakusten dizkigute, Giuseppe Arcimboldo margolari italiarrari erreferentzi zuzena egiten diotenak. Halere, ezarri ditzakegun lotura ezberdinak alde batera utzita, Ameztoik bere unibertso propioa eraiki zuen gertutasuneko elementuak erabiliz: euskal parajea, baserria eta baratzea; guztia surrealismoan hondoratzen den bilgarri fin batekin jasota.
Surrealismo ukitu hau Rene Magritte artista belgikarraren eraginetik datorkio, probokazioa eta umorearekin lotzen doan sormen intimo eta landua. Ameztoiren lanera gerturatzeko ezinbestekoak dira beste bi elementu hauek, bere hainbat lanetan bere garaiko egoera politiko sozialari eginiko erreferentzia ezkutuak ikus baitaitezke. Eliza eta erlijioarekiko probokazioa berriz nahiko agerikoa da aurkezten diren hainbat lanetan. Atal horretan sailkatzen da areto erdi-erdian kokatzen den Ostias XXL de hachis artelana, beira arasa baten barruan haxixez sortutako bi forma borobilduen gainean motibo erlijiosoak ageri baitira.
Erakustaretoko eskuinaldean beste hainbat harribitxi gordetzen dira, besteak beste Barandiarani eginiko omenaldirako Ameztoik sortutako marrazki eta margolan seriea. Horrekin batera, artista donostiarraren lan grafiko zabala ezagut dezakegu, hainbat lehiaketa edo jardunalditarako sortu zituen kartelak. Horien artean Ordiziako azokakoa, Marxen mendeurrenekoa, Donostiako Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Goetheren heriotzaren urtemuga eta erakusketa sarreran ikus dezakegun 1968. urteko margolan batean oinarritzen den Maiatza Dantzan-eko horma irudia. Erakusketa borobiltzeko eta artista eta pertsonarengana gehiago hurbiltzeko, artistari eginiko elkarrizketen inguruko bideo bat aurkezten dute. Bideoarekin batera, eta aretoko erdialdean kokaturik, artistak egunerokotasunean erabiltzen zituen hainbat objektu pertsonal ikus ditzakegu: pipa, betaurrekoak eta pizgailuak, besteak beste.
Erakusketa aretoko antolaketari dagokionez, txukuna eta argia da. Espazio txikia da Koldo Mitxelenako Ganbara aretoa, baina kasu honetan espazioaren kokagunea eta dimentsioek artistaren lanera hurbiltzea ez ezik, pertsonaren izaeraren arrasto bat eskaintzen digute ere. Beraz, aukera ezin hobea da euskal artean eta, zehazki, Gipuzkoako arte historiako azken hamarkadetan funtsezkoa bilakatu den artistaren lana ezagutzeko.
Kritika. Artea
Hirugarren pisuko txoko ezkutua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu