Manu Uranga
Erakusketa: 'Decúbito manual'. Lekua: Rekalde aretoa. Bilbo. Noiz arte: uztailaren 21era arte.
Ekainaren 4tik ikusgai da Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan Manu Urangaren Dos de mayo 25. Bilbao proiektuaren hirugarren eta azken zatia. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiko Berriek beka programaren parte da, eta laguntza jaso duten artistek urteko lanaren emaitza Rekaldeko sarrerako aretoan erakusten dituzte. Aurten, esate baterako, Manu Urangaren aurretik June Crespo, Fernando Villena eta Irune J. Orbearen lanak ikusteko aukera izan dugu, eta uztailetik aurrera Silvia Olabarriarekin amaituko da.
Berriek beka programa urrunetik dator. 2012. urtera arte laguntza jasotzen zuten artisten artean, bi urtean behin, taldekako erakusketa bat antolatzen zen Rekalden. Iaztik, antolatzaileek programako artistak nabarmendu eta erakusleiho hobeagoa bilatu nahian bakarkako erakusketak antolatzea erabaki dute. Aurreko urtean Karlos Martinez Bordoy, Rosa Parma, Alberto Albor eta Alain Urrutiaren lanak bakarka erakutsi zituzten.
Decúbito manual —Dos de mayo25. Bilbao— proiektuaren hirugarren erpina da. Proiektuaren izenburua Uranga 2009 eta 2011 urte artean bizi izan zen etxebizitzari erreferentzia zuzena da, eta gune horren inguruan eraikitzen da proiektu osoa. Proiektuaren azken zati hau instalazio moduan aurkezten zaigu. Batetik ,burdina eta egurrez osatzen den eskultura luze eta estu bat aurkezten da. Egur tartean kokatzen diren burdin xaflak angelu zorrotzez nahiz borobilduz osatzen dira, hiruki-formako estruktura zurrunak sortuz. Estruktura etxebizitzak gordetzen zuen formaren adierazgarria da, txapitula-erako etxebizitza baitzen. Bestetik, aretoaren izkina batean, hainbat pertsonak zakur batekin duten lotura fisiko eta posturala aurkezten da; agian, espazioan bizi izan ziren izakien loturaren adierazgarri.
Hasieran egitura eta bideoen arteko lotura nahiko arrotza egiten bada ere, espazioaren, gorputzaren eta formaren arteko harremana ulertuz joango gara. Estruktura eta irudiek adierazten duten formaren lanketa minimalistatik at, batetik, etxebizitzaren (espazioa) eta maizterraren (gorputza) arteko harreman bat adierazten dute gorputzek, eta horien harreman ezberdinek espazio jakin hori eraldatzeko duten ahalmena adierazten; eta, bestetik, espazioak izakiengan duen eragina plazaratzen dute. Urangaren hitzetan, «egotearen koordenatuak; egoteko formak: ahoz gorako etzanera, ahuspezko etzanera... eta nik asmatutakoa, eskuzko etzanera. Gune fisikoan beti, leku bat adierazten eta seinalatzen...».
Esan bezala, proiektu osoaren hirugarren atala da. Aurretik Planta eta Planos atalak aurkeztu zituen. Planta Bilboko Arkitektura Elkargoan aurkeztu zuen iaz, eta Planos, Basauriko Ariz dorrean aurtengo urtarrilean. Lehenak etxebizitzako eremuaren irudikapen bertikal bat aurkezten zuen, ekintza koreografiatuen bideo batekin batera; bigarrenak, berriz, planoen zabaltzearen irudikapen eskultoriko bat aurkezten zuen Plena Dena Puerto Rico 2012 bideoaren emanaldiarekin. Bideo horretan, uharteko biztanleen poza adierazten zen, 2012ko azaroaren 6an izan ziren hauteskundeetako emaitza ezagutu ondoren.
Proiektuko atal bakoitza espazio ezberdin batean aurkezteko ideia ona iruditzen zait; horrela, gainera, prozesu bakoitzak besteekiko independentzia maila bat gordetzen du. Decúbito manual lehen aldiz ikusi nuenean eta proiektuaren atal guztiak osorik ezagutu nuenean, erakusketak beste planteamendu bat behar zuela iruditu zitzaidan; hau da, nik bezala, aurreko atalak ikusteko betarik izan ez zuten askok proiektua osorik ezagutzeko informazioa zabaltzea, aurreko atalen erreferentziak jasoz azken honetan. Egunak aurrera joan ahala, erakusketaren planteamendua onartuz joan naiz eta honek duen independentzia baloratuz. Artearen munduko betiko beste zalantza bat da hau. Ez da erraza artelanaren eta informazioaren mugak zehaztea, sormen prozesua eta horren emaitzak urratu gabe.
Manu Uranga (Zumaia, 1980) euskal artista belaunaldi berrien erreferentzia bilakatu da. EHUko Arte Ederretako lizentziaduna da, eta 2005.urtean Gipuzkoako artista berrien lehen saria eskuratu zuen, Bilbao Arte Fundazioaren egoitza bekarekin batera. 2006. eta 2008. urteetan Eusko Jaurlaritzaren Arte Plastikoen Beka jaso zuen, eta, horretan, Gure Artea lehiaketarako hautatu zuten. Azkenik, 2011. eta 2012. urteetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusmen Arteen Beka eskuratu zuen, eta horren emaitzaren zati bat ikus dezakegu Rekalden.
Kritika. Artea
Hirugarren erpina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu