GoGo Penguin / Tom Harrell eta Joshua Redman Quartet
Lekua: Principal antzokia / Mendizorrotzako kiroldegia.Eguna: Uztailak 14.
Jazzaldiaren hirugarren eguna amaitu zenean konturatu ginen jazza, benetako jazza deitzen den musika estilo hori —inolako fusiorik gabeko eta inprobisazioz beteriko musika hori— iritsi zela gure jazzaldira, azkenean eta zorionez. Izan ere, horrenbeste maite dugun musika arraro honetako benetako ikurrak dira egun Mendizorrotzako oholtza gainean aritu zirenak.
Gasteizko Jazzaldiaren zaleok ondo baino hobeto gogoratzen dugu 2012an, Mendizorrotzako taula beraren gainean, Joshua Redman saxo jotzaile amerikarrak eskaini zigun ekitaldi ederra. Ordukoan, The Bad Plus hirukotearekin batera etorri zen. Kontzertu hartan, jazzaldi honetan berriro ere entzuteko aukera izan dugun balada hunkigarrienetarikoa entzun genuen: People like you. Hala ere, egun hartako une xarmagarriak ez ziren berriro sortu osteguneko ekitaldian. Hurbil egon zen, Joshua Redmanek berak idatzitako Borrowed eyes abestia jo zuenean, baina, hala ere, orokorrean, hark eta bere taldekideek emanaldi borobila osatzea lortu zuten.
Talde gazte eta berri honen emaitzak taldekide guztien lan bateratuan dauka bere oinarria. Hau da, ez dute horrenbeste nabarmentzen taldekide bakoitzaren lan indibiduala. Aitzitik, inprobisazio bakoitzean guztiek hartzen dute parte, emaitza osoa eta bateratua lortzeko.
Ordu eta erdiko saioan, taldekideek idatzitako hainbat abesti jorratu zituzten, aurrez aipatutakoez gain. Horien artean daude, besteak beste, piano jotzaile konplexu eta ederra den Kevin Haysen Sweet Caroline eta All I have. Eta baita hastapeneko Brad Meldhauren hirukote mitikoko kide izandako Jorge Rossy bateria jotzaileak idatzitako calypso zoragarria nahiz Mmm Yeah polita ere.
Ekoizpen propio horretatik aparte, Charlie Parkerren Scrapple from the apple ere ederki jo zuen laukoteak.
Harrellen konplexutasuna
Gauari hasiera eman zion taldea, Tom Harrell tronpeta eta fliskornio jotzailearena, ez da ikusleen desioei amore erraz ematen dien horietakoa. Jotzaile fina eta soinu eder baten jabe izateaz gain —batez ere fliskornioari ekiten dionean—, oso musikari konplexua eta aberatsa da Tom Harrell; behin baino gehiago entzun behar den horietakoa. Lan ederren sinatzaile, hala nola Paradise (2001) eta Wise children (2003), 2014an argitaratutako Trip diskoa garatzera etorri zaigu Gasteizko Jazzaldira. Album horren zati handi batek osatzen du berak idatzitako The Adventures of a Quixotic Character (Pertsonaia kixotiar baten abenturak) izenburupeko lana, eta izen bera darama ostegunean eskaini zuen ekitaldiak.
Egia esan, bere egitura musikal eta esaldi konplexuak hobeto ulertzeko, berriro entzun nahi den (edo behar den) kontzertu horietakoa dela uste dut. Ez zitzaidan samurra egin. Atsegina bai soinu aldetik, baina ulergaitza.
Taldekideen artean, Ralph Moore saxo jotzailearen lan ederra aipatuko nuke.
Hori baino lehen, arratsaldean, konplexutasun eta aberastasun horretatik oso urrun dabilen eta modan dagoen Manchesterreko hirukote gazte batek, GoGo Penguinek, ezaguna baino ezagunagoa den proposamena berria balitz bezala sartu nahi izan zigun. Eta ez, gazte ausart horiek baino lehen, beste askok jorratu dute dagoeneko eurek egiten duten musika, horien artean, haiek bezala, jatorri europarra duten Esbjorn Svensson Triokoek, eta era askoz ere interesgarriagoan gainera.
KRITIKA. Gasteizko Jazzaldia
Hirugarren egunean, Jazza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu