'Zaparrada-Avalancha'
Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga. Koreografia, eszena zuzendaritza eta soinua: Igor Calonge. Dantzariak: Agurtzane Intxaurraga, Myriam Perez, Noemi Viana.Lekua: Igorreko Lasarte aretoa. Eguna: Urriak 26.Hiru gorputz agertu dira paisaia elurtu batean, hiru emakume elur gainean etzanda, eta eboluzio geldoei ekin diete hirurek oso berezia egin zaigun musika inguratzaile baten pean. Zaparrada - Avalancha dantza lanaren esku-programari begiratuta, ikusten dugu Hika taldearen ekoizpena izan dela, baina Igor Calongek hartu duela zuzendaritza. Egiaz, koreografia ere egon da bere ardurapean eta, bere beste lanetan bezala, berak hautatu ditu dantza girotzeko eta emozioak zein balizko kontakizuna bideratzeko behar zen soinu-banda.
Kasu honetan, Deaf Center bikote musikari norvegiarra izan da oinarri nagusia, eta haien soinuen hoztasun teknologikoa eta dentsitate ia sinfonikoa oso egokiak suertatu dira proposamen eszeniko dantzatuak esan behar zuena portu onera eramateko. Izan ere, bere harmonia ez lausoak integratuta zetozen harmonia handiago baten osotasunean, eta, giro iragarle trinkoa sortzeaz gain, ederto jaso dute proposamenaren beraren izpiritua.
Oso era geldoan hasi da dena, eta berdin jarraitu du emanaldi osoan zehar, koreografoa lurralde izoztuetan sartu izanak hango izaki isolatuen abiadura ere jelatu izan balu bezala. Une jakin batean, hiru dantzarietariko batek, zilarrezko soineko batekin agertu eta fusil bat atera du elur azpitik, baina horrek ere bat egiten zuen Calongeren hautuarekin; hau da, gu guztiok ere pertsonaia haien inguru oniriko, desolatu eta estrainioetan murgiltzearekin.
Dantza alorrekoa izan da emanaldia, dudarik ez, baina nolabaiteko antzerki ukitua ere izan du, era ia antzemanezinean. Fusilaren agerpenaren ostean ildo bereko beste zantzu batzuk etorri dira. Zilarrez jantzitako pertsonaia ileorde horail batekin agertu da batzuetan, eta benetako ilearekin besteetan, haize bolada hotzei bere bakardadetik aurre eginez; bitartean, beste dantzari biek kontraste estetiko nahiz sinbolikoa sortu dute behegainetik egindako eboluzio paraleloekin, eta noizbehinkako duelu dantzaturen batekin. Ez dut ulertu, ordea, zertara zetorren bien arroparen diseinu itxuragabea, ez bazen bestearekiko larregizko dotorezia kontrastea sortzearren. Dantzaren arloan, hobe da gauzak fin iradokitzea, agerikoegi egitea baino.
Bitartean, leunki areagotu da misterioa, eta une jakin batean konturatu naiz isiltasun sentsazioa nagusitzen zela, soinu-banda une oro entzuten zen arren. Kontu horietan datza, nik uste, dantzaren magia. Horietan eta proposamenak planteatu dizkigun itaunetan: Nor izan da zilarrezko emakume enigmatikoa? Nor ziren harengandik hurbil igarotzen ziren eskiatzaile geldoak? Haren bakardadea nabarmentzeko elementu hutsak ote? Eta, batez ere, noren edo zeren transposizioa zen azken eszenako piztia hila?