'No habrá paz para los malvados'
Zuzendaria: Enrique Urbizu. Gidoigileak: Enrique Urbizu, Michel Gaztanbide. Aktoreak: Jose Coronado, Rodolfo Sancho, Helena Miquel. Aktoreak: Jose Coronado, Rodolfo Sancho, Helena Miquel. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 118 minutu.
Zuzendariaren erabateko nagusitasunaren iritzi zabalduaren kontra, beste behin ere taldearen garrantzia defendatu beharra dago. Hirutasun ia bereizezina da Enrique Urbizu, Michel Gaztanbide eta Jose Coronado.
Horien eskutik, trilogia ezin beltzagoa ailegatu zaigu 2002tik hona. La caja 507 lehen abisua izan zen, bazen Espainia aldean thriller-ak egiteko beste modu bat. Horren ondotik etorriko zen La vida mancha, askoz sotilagoa, zoritxarrez oso oharkabean pasatu zen harribitxia. Orain, hirukia itxi duen (?) honekin goia jo dute; genero beltza klasiko zein garaikidearen eraginik onenak jasotzen asmatu duen film bikaina da.
Gaztanbidek fikzio trinko eta errealista bat idatzi du Martxoaren 11ko gertaeren itzal luzearen gerizpean. Bi abiadurako trena da gidoia, plano kontrajarrietan segitu beharrekoa. Lokomotorra Santos Trinidaden ikerketa da, erraietatik jaiotzen dena, arau guztien kontrakoa. Bagoian, beti atzerago, prozedura burokratikoak, familia zain duten funtzionario garbiak, gertatzen ari denaren tamaina ulertzeko ezgai direnak.
Urbizuk modu eredugarrian eraman du idatzitakoa pantailara. Gaur egunari aurrez aurre begiratuta, tabernazuloak eta erlauntzak filmatu ditu kolore anitzetako Madril likits eta lur azpikoan. Zuzentasun politikoaren mugak ezabatzeko batere beldurrik ez du izan, gizarte anker eta moralik gabekoa erakuste aldera.
Biek, Coronadorekin ezinbesteko parte hartzearekin, Santos Trinidad antiheroia jarri dute simaur meta horren erdi-erdian. Primerakoa da pertsonaiaren eraikitzea; Lee Marvin, Harry Callahan eta Ferrararen teniente ustelaren gaurkotze iberikoa, kode berezia duen hiltzaile arriskutsua.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail ofiziala
Hiru bider hiru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu