Kritika

Hiri kronikak ilunabarrean

Antonio Zambujo / 'Cidade'
Andoni Tolosa.
2023ko azaroaren 26a
06:05
Entzun

ANTONIO ZAMBUJO

'Cidade'
Diskoetxea: Universal Music Portugal.

Atlantikoaren bi aldeei erreparatu die beti Antonio Zambujok: alde batetik, fadoari eta Alentejoko musikei; eta, bestetik, Brasilgo musikari, edo, hobe esateko, musikariei. Bi aipatze arren, Chico Buarqueren eta, batez ere, Caetano Velosoren itzala suma daiteke portugaldarraren ibilbidean. Hainbesterainokoa da bi enbor musikal hauen artean gertatzen den sinbiosia, 2016an Grammy latinoa irabazteko zorian egon zela Até Pensei Que Fosse Minha diskoarekin... urteko MPB (Musika Popular Brasildarra) diskorik onenaren atalean! Epaileak ez omen ziren oso onak geografian, edo agian, nahigabe Zanbujoren lanaren balio nagusienetako bat aitortu nahi izan zuten, eta portugaldarraren gaitasuna azpimarratu musika erregionalen kategoria transzenditzeko.

Bada, alde horretatik, oraintsu kaleratu duen Cidade hau beste urrats bat da ibilbide horretan, eta astakeria badirudi ere, utzi esaten orain arteko bere diskorik ez portugesena dela. Modu zatarra da adierazteko diskoan inoiz baino biola gutxiago eta piano gehiago sumatuko duzuela, alegia. Agian, zerikusirik dauka oraingo honetan kantu bilduma osatzen duten hamabi kantuetatik 11 Miguel Araujok konposatu izana, eta diskoa hark ekoiztu izana. Edota, inguru urbano depresiboari eskainitako lan kontzeptual gisara hartu ahal izana. «Asmoa hiri bateko eguneroko bizitza urbanoaz aritzea zen, Miguelek aipatu zidan moduan; bertako lagundutako bakardadeaz jardutea», adierazi du Zanbujok diskoa aurkezterakoan.

Aspaldikoa da bi musikarien arteko elkarlana, eta oraingo honetan, elkarlan horrek definitzen du kantu bilduma. Portugaleko herri musika aldera egiten dute Leva-me De Min, Saga Inaudita Do Bom Jesus De Teibas edo Uma Valsa Urgente kantuek. Kantariaren errepertorioan ohikoak diren balada eder eta pulamentuzkoen ildokoak dira Sagitario, Lua eta Ceu, non kantariak ahotsa grabe gozo horietan erortzen uzten duen, gure belarrien gozamenerako. Crooner pop aldera egiten dute azkenik, Dancemos Un Slow, KO, Nas Bocas Do Mundo, 5 Minutos De Whisky edo Romance De Cordel-ek. Guztia tempo eta aire malenkoniatsuz jantzia dator, baita diskoaren unerik erritmikoenetan ere, eta Zanbujok berak iradoki bezala, ez da bere diskorik errazena gertatuko: «Abesti berriak lehendik askotan entzundakoa baino zailago asimilatzen dira, baina erronka hori gustatzen zait», adierazi du zuzeneko lehenengo emanaldien ondoren.

 

Ez dut uste gehiegikeria denik Zanbujo Europako kantaririk interesgarrienetako bat dela esatea, eta gehitzea, hamargarren disko honek bere gaitasun sortzaile jostari eta freskoaren osasun-egoera onaren sintoma argiak adierazten dituela, berriro ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.