'Nadie lo quiere creer'
Konpainia: La Zaranda. Lekua: Zornotza aretoa.
Eguna: maiatzak 10.
Aulki banatan eserita dauden lau pertsonaiaren artean zaila da jakitea haietariko zein ez dagoen bizirik, hain da erabatekoa lauren gelditasuna. Lauretako bat, ordea, ez da benetakoa, kontuan izanda La Zarandako kideak hiru direla, baina azken finean, oso kontu lausoa da bizirik edo hilda egotea La patria de los espectros (Mamuen aberria) azpi-izenburutzat duen lan honetan.
Andaluziako (Espainia) konpainia ezaguna da garatu duen estilo bereziagatik. Bere muntaietan ezin hobeto batzen dira errealitatearen irakurketa onirikoa eta esperpentoaren estetika, eta aukera honetan beste buelta bat eman diete hain ondo menperatzen dituzten kontuei: heriotzaren ezinbestekotasuna, gizakiaren egitasmoen porrot saihestezina eta horren kontra burututako ekinaldi patetikoak.
Konpainiaren betiko estiloari jarraiki, bikainak izan dira argiztapen tenebrista eta aktore-lanari dagozkion alde guztiak —presentzia eszenikoa, barne-karakterizazioa, ahotsaren proiekzioa…—, baina lan honetan deigarria egin zait elementu eszenikoen erabilera magikoa. Izan ere, pendulu-erloju baten kutxa hutsa, eta aulki, haizegailu eta izara batzuk nahikoak izan dira jausteko zorian dagoen etxe handia irudikatzeko eta denboraren ibilera geldoa baina gupidagabea gure begien aurrean gauzatzeko.
Taula gaineko pertsonaiak etxearen gainbeheraren pertsonifikazioa dira, eta Eusebio Calongeren testuak hilzorian dagoen emakume zahar bat, haren iloba eta neskamea jarri ditu protagonista. Beraien inguruan beste figura batzuk ere agertuko dira —andere zaharraren seme zendua eta bisitan etorritako ezagunak—, baina azken finean, protagonistak bezain fantasmagorikoak izango dira beraiek ere, eta beren esku-hartzearekin egoeraren irrealtasuna areagotuko dute.
Egoerak, ordea, ez dauka ihesbiderik eta badirudi pertsonaiek ere ez dutela horren beharrik bilatzen, ohituta daudelako hiru zirkulu zentrukidetan ibiltzen. Zirkulurik txikienean, aho-korapilo moduko solasaldi labur eta dibertigarrietan galduko dira; zirkulu ertainean noizbehinkako jarduera errepikatuen bidez saiatuko dira ihes egiten, eta azkenik —zirkulurik handienean— bakoitzaren bizitzaren ezerezean murgilduko dira, nork bere patuaren morrontzatik irten ezinik.
Kritika. Antzerkia
Hilak eta bizidunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu