‘EleCtra’
Jatorrizko egilea: Sofokles. Bertsioa eta zuzendaritza: Fernanda Orazi. Argiak: David Picazo. Antzezleak: Carmen Angulo, Javier Ballesteros, Leticia Etala, Juan Paños. Lekua: Barakaldo antzokia. Eguna: Martxoak 8.
Martxoaren 8an programatu da Barakaldo antzokian Antzinaro klasikoak eman zigun tragedia nabarmenetariko bat. Emakumeek onerako zein txarrerako duten protagonismoak egokia bihurtzen du data seinalatuan Elektra taularatzea, eta oraingo honetan are gehiago, Fernanda Orazi argentinarra arduratu delako testua moldatzeaz eta muntaketa zuzentzeaz.
Eremu eszeniko zeharo hustuan —egiturazko hormak ere agerian— azaldu dira kaleko jantzita lau antzezleak eta lehen lerroan jesarri dira, ikusleen artean. Hortik aurrera, batzuetan beren besaulkietatik aktibo eta beste batzuetan pasilloetatik edo agertokitik jardun dute laurek, baina Elektraren pertsonaia ia beti geratu da taula gainean.
Hala eszenatokiaren biluztasuna nola jantzien normaltasuna ikusita, denok espero genuen betiko Elektra-ren bertsio gaurkotu bat, baina Oraziren planteamenduak eskema guztiak hautsi eta armarik gabe utzi gaitu bere maistratasunaren aurrean. Antzezlan bat aztertzean, nolabaiteko disekzioa egiten du kritikariak, eszenan aurkitutako elementuak analizatuz eta haien arteko loturak bilatuz. Hori da bide posible bat beste askoren artean, baina Oraziren kasu honetan bereziki zaila izan da autopsia, isolatu daitezkeen hiru elementuak —testua, eszenaratzea eta antzezpenak— elkarri lotuta agertu zaizkigulako, halako moldez non ezinezkoa baita haietariko bati buruz hitz egitea besteen inplikazioa eta elkarren arteko eragina kontuan hartu gabe.
Hasteko eta behin, ze onak testuaren moldaketa eta gaurkotzea! Orazik berak aitortua da Mundu Berrikoentzat nahiko arrotza izaten dela tragediaren kontzeptua, eta beraiek «drama txikien zaleak» direla gehiago. Beste batean diosku ez zutela —pluralean— Sofoklesen obra taularatu nahi, «haren obraren gaineko obra bat egin» baizik. Hortik, beraz, jatorrizko testua katenaria baten euste-puntuen modura erabili izana, beste guztia gure eguneroko harremanetan arruntak diren solasaldietarako utziz, gaiaren sakontasunarekin kontrajarrita eta askotan ikusleen barreak eraginez sortutako kontrasteen kontura.
Eta gero dator, edo horrekin batera, eremu eszenikoaren biluztasuna, Peter Brookek ere inbidiatuko zuena, hain izan da esanguratsua, eta lau antzezleen presentzia eszeniko lasaia eta neurtua, jakitun izanda horrexetan zetzala beren indar eszenikoa, batzuetan ikusleei zuzenean eta hurbiltasunez hitz eginez eta askotan elkarri hitza zapalduz edo beren baitarako iruzkinak eginez. Eta korapilo-askatzearen orduan, ze paregabea Orestesen agerpena Elektraren aurrean eta ze gaindiezina Klitemnestraren hiltze iragarria, Orestesek behin eta berriro esaten zionean, «ama, mesedez [hil zaitez behingoz], badakizu hauxe dela amaiera».