Jose Ramon Anda. 'Lantegi'
Non: Kubo-Kutxa aretoa, Donostia. Noiz arte: abuztuaren 25era bitarte.Uda sarrerari begira Kubo Kutxa aretoak Jose Ramon Anda (Bakaiku, Nafarroa, 1949) artistaren erakusketa aurkeztu du. Abuztuaren amaiera bitarte zabalik izango da, eta aurkezten diren 91 lanen bidez 70eko hamarkadan hasi zuen ibilbide oparoaren fruituak ikus daitezke.
Hainbat bildumatatik utzitako lanok —besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa Fundazioa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Iruñeko Udala— Lantegi izenburupean biltzen dira; irakurketa bikoitza onartzen du izenburuak: lehen irakurketak lanerako lekua adierazten du; bigarrenak, berriz, Nafarroako basoetan auzolanean egiten den garbiketa adierazten du, zein baino zein egokiagoa erakusketa honetarako.
Zurginen familia batean hazi zen, eta Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademian egin zituen bere ikasketak; ondoren, 1974. urtean, Erromako Espainiako Akademian borobildu zituen. 70eko hamarkada erdialdekoak dira, hain zuzen ere, ikusgai dauden lehen lanak: horien artean, 1974.urtean sortutako Kirolari zaharra nahiz 1975. urtean egindako Unamunoren buruaren brontzezko lana.
Elkarren artean garbi bereizitako lau espaziotan banatzen da erakusketa. Areto nagusian eskultoreak landutako pieza nagusiak ikus daitezke; hasiera batean, espazioaren disposizioak eta artelanen kokapen askeak ikusle bat baino gehiago harrituta utziko du. Lantegi-ren bi adieren ideiak nabari dira espazio horretan. Alde batetik, pieza ezberdinak aretoan zehar pilatzen dira, lanerako esparru batean bezala, espazio pribatu baten alderdi informal hori irudikatuz. Bestalde, basoko auzolanaren ideia ere irudika dezake, enborrak Andaren eskuen bitartez berriz ere altxatzen baitira. Esparru honek argi erakusten ditu Andaren obraren ezaugarrietako batzuk: materialaren lanketa konpultsiboa, formaren tratamendu bikaina, forma zirkularren lanketaren bitartez eskulturei ezartzen dien dinamismoa, paretako leiho geometrikoetan apurtzen dena, nahiz piezek gordetzen duten trinkotasun harro hori. Azken hori bereziki.
Areto nagusiaren bi aldeetan, hasierako eta bukaerako aretoetan, pieza txikiak ikus daitezke; horietako batzuk beren bertsio nagusien prototipoak dira, eta beste batzuk, berriz, oraindik tamaina handian gauzatu ez diren proiektuak. Tamaina txikiagokoak izan arren, ez dute besteek baino gutxiago balio, eta, kasu batzuetan, tamaina handikoek baina hobeto funtziona dezakete, nahiz eta gorputzaren eta objektuaren/espazioaren arteko harreman hori galdu egiten den. Aipagarriak dira, besteak, beste, Hillarrak (2014-2017), Crecimiento interrumpido (1999-2006) eta Ikusmira II (2002-2012).
Bukatzeko, eta goiko aretoan, Andaren produkzioaren alderdi bitxi bat gordetzen dela esan daiteke. Bertan, artistak diseinatu eta gauzatutako hainbat altzari biltzen dira, bere lanaren alderdi figuratiboenarekin batera—hainbat pertsonaiaren buruak nahiz gorputz osoko eskultura bat—. Oso alderdi interesgarria da, eta erakusketa asko aberasten du.
Materialki egurrak bistakoa den garrantzia hartzen duen arren, ezbairik gabe, denbora da erakusketaren elementu nagusia, nahiz eta kasu honetan elementu materialaren eta immaterialaren arteko harremana eta eragina zuzena den. Zeren eta Andaren lana inguratzen gaituen gizartearen guztiz kontrakoa dela esan daiteke, gaur egungo bizitzaren eta denboraren eferbeszentziaren aurrean, denboran murgiltzen den prozesu luze bat erakusten baitu.
Eta ez da sortzeko beste bide bat soilik; bizitzeko beste modu bat ere bada. Teknologiak behin eta berriro gure arreta eskatzen du, era berean, denborarekiko dugun pertzepzioa aldatuz. Gaurkotasun jarraitu batean bizi gara, tradizionalki iraganaren, orainaren eta etorkizunaren artean egon diren mugak lausotuz, eta, kasu honetan, Andaren artelanek adierazten duten betierekotasuna da gure gaurkotasun jarraitua apurtu eta beste denbora batzuk hautematea ahalbidetzen diguna, elementu hori dilatatuz.
Denboraren ezaugarri hori ez da soilik irudikapen bat bezala aurkezten, ez da soilik zeinu subjektibo bat. Artelanean kokatzen den denbora hori fisikoki hautematen da, eta artelanaren egile, arduradun eta beharrezko kolaboratzaile moduan parte hartzen du; forma guztien detaile bakoitzak eta horiekin emandako denborak arteari eskainitako bizitza bat erakusten dute.