'Francoren bilobari gutuna'
Zuzendaria: Ximun Fuchs.Testuak: Unai Iturriaga, Igor Elortza.Eszenografia eta argiak: Josep Duhau. Musika: Asier Ituarte. Antzezleak: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko Redondo, Erika Olaizola, Pako Revueltas.Lekua: Luhusoko Harri Xuri aretoa.Eguna: Urriak 31.Luhusoko (Lapurdi) Harri Xuri aretoa azken besaulkiraino beteta zegoela, eta Euskal Herri osoko kultur ordezkari askoren babesarekin —ez goi mailakoena, benetakoena baizik— estreinatu da hainbeste itxaron dugun Francoren bilobari gutuna.
Honezkero ohitzen hasiak egon beharko ginateke, baina hala ere, berezia izan da antzezle guztiak taula gainean ikusi izana gure lekuetaraino abiatzen ginen bitartean. Arreta jarri nahi dut hasi aurretiko minutu horietan, haietan gauzatu delako, indar handiz gauzatu ere, antzerkiaren misterio erabatekoa: beraiek sakrifiziorako prest, erritu sakraturako guztiz emanak, egun asko eta ordu zenbatezinak prestakuntza pertsonal eta kolektiboan eman ostean.
Eta hasi da antzerkiaren ospakizuna, orain dela hiru mila urte asmatu zena, Ximun Fuchsek eta Urko Redondok elkarrekin trukatu duten keinu arin baten ondorioz. Hasi da antzezleen tropa ospitale desantolatu, kaotiko, malurus hari bizia ematen, hezurrak sototik ateratzen —frankismoaren metafora bikaina—, hango korridore, itxarongela, kontsulta eta ebakuntza-geletatik igarotzen, bakoitza beraren munduan murgilduta, paziente izan nahiz mediku edo erizain izan, ama preso duen haur izan edo kaskezurrean metraila puska bat daraman biktima izan.
Alde batetik bestera doaz denak, beren arazo pertsonalekin, arazo profesionalekin, amodio arazoekin gora eta behera, eta ikuslea hasi da pentsatzen ea zer harreman-mota ote duen horrek guztiak Francoren bilobari idatzitako gutun promestuarekin. Lasaitu dadila ikuslea, dena etorriko baita, Jesukristoren zortzi zorionbideetan bezalaxe. Goza dezala ikusleak antzezle guztien gaitasun profetikoaz eta antzerkiaren apostolu berri hauek sortutako gorputz mistikoaz, behingoagatik esangura aurkitu baitiogu hitzontzikeria katolikoak erabat hutsal bihurtu duen kontzeptuari: ekipo baten aurrean gaude, denek utzi dute zerbait bidean helburu komun baten bilaketan, gorputz bakar baten eran mugitzen dira, baina haietariko bakoitzak zerbait ematen dio taldeari helburu handiago baten izenean.
Dramaturgia menderaezin, esplikaezin, ia antzemanezin horretan txertatuta, ia subliminalki ekarri dituzte gogora frankismopean izandako fusilatzeak, torturak, zapalkuntza pertsonal eta orokorra, batzuetan fusilatuen edo izugarriki bortxatuen izenak irakurrita, kontsultetara etorritako pazienteak balira bezala, eta beste batzuetan fisikoki antzeztuta edota itzal txinatarren bidez irudikatuta, serorek ebatsitako jaioberrien eszena gogoangarrian bezala.
Ezin dut une honetan gehiago esan antzezlan eredugarri honi buruz. Asko dira, eta handiak, balio sinbolikoa duten elementuak; aberatsegiak pertsonaia guztien artean eman daitezkeen harremanak, eta alboan utzi dugu eremu eszenikoaren diseinu arina, alboan utzi elementuei emandako esangura aniztuna, alboan pertsonaien kanpo karakterizazio bikainak, eta ez dugu aipatu Asier Ituarteren musikak daukan rol diskretu baina funtsezkoa. Emanaldi bakar batekin ezin da hori guztia barneratu, agian hirugarrenean hasiko ginateke hor barruan dagoen altxor ikaragarriaz jabetzen.