Egilea: Sechu Sende.
Itzultzailea: Txerra Rodriguez.
Argitaletxea: Txalaparta.
Sechu Sende idazle galiziarrak 2007an argitaratutako ipuin laburren bilduma dakar Txalapartak. Narraziook galegoari eta galiziar hiztunei loturikoak dira neurri handi batean eta egoera askorekin identifikatuko da euskal hiztun kontzientziadun hainbat, uztartzen baditu hizkuntza gutxitua eta harekiko militantzia edo hizkuntza gutxitua eta harekiko maitasuna. Hizkuntza maite izateko baino gehiago komunikaziorako tresna soiltzat duenarentzat idazle galiziarra sentimentalegi eta hunkiberegi daiteke. Hitzaurretik beretik intuitzen dut aurrenekoen artean kokatzen dela Txerra Rodriguez itzultzailea. Hizkuntza gutxituen komunitateko kideek hizkuntza dela eta eratzen duten talde sentipena partekatzen du egilearekin eta esango nuke herriari debalde, entregatu nahi diotela biek ere hizkuntzari dioten maitasun hori berori, bere txikitasunaren jakitun eta maitale (euskaldun eta galiziarren arteko lotunetzat bidegorriaren simila erabiliko da eta ez errepidea). Idazkera xeratsu samurra eta begirakune fantasiazkoa du Sendek. Irudi ederrak sortzen badaki, nahiz istoriotxo manikeoren batek irrist egin dion, gaiztoen eta zintzoen arteko bereizketa eginez (hiztun zintzoak eta hiztun ez hain zintzoak?), baina diglosi egoeran bizi den galiziarrari sor dakizkiokeen egoerak ilustratzen asmatzen du.
Egoera horien artean bat: kalean galegoaren erabilera ezak sortzen dion mina (edo kontrara, entzuteak sortzen dion elkartasuna). Beste egoera bat: hizkuntza gutxitua ikasi nahiak sortzen dituenak (zertarako, zergatik, seguru?). Hizkuntzaren gaineko topikoak biluztu nahi ditu (zer zaila den hizkuntza hau!) eta galegoaz apartekotzat jotzen dituen nahasmen interesatuak biluztu. Hezkuntza sistemaren hutsegiteak ere gogoan ditu, baita ikusgarritasun falta kulturan eta eremu publikoan ere. Narrazioak hizkuntzen debekuak kritikatzeko ere baliatu ditu, hizkuntzaren alde armetan altxa direnak aipatzeko ere bai. Hizkuntza-gatazka deitzen duenaren konplexutasuna arrotzei erakusteko testu pedagogikoak ere badira, esate batera, madrildarra bere hirian gaztelera galtzen ariden unera gonbidatzen duenean. Salaketa zuzenik ez, ezta hatzaz seinalatutako errudunik ere, hitzak lapurtu zituztenek barkamena eskatu beharko dutela iradokiagatik, fikzioa da nagusi gaien trataera arrazionala baino. Hain justu, ez dakit irakurle gisa neronek oker egin ez ote dudan «hizkuntzari lotutako ipuinen» moduan ekinez istorioei hasi eta buka, gai horrekin korrespondentzia zuzenik ez topatzean bortxazko hutsunea sentituz.
Baditu bi kezka egileak. Bata, ez ote diren hizkuntzak merkatu global neoliberalean, objektu eta zerbitzu salgarrien moduan, erabili eta botatzeko logikan murgilduak izango. Distopia bat irudikatzen du. Enpresa batek merkaturatuko duen hizkuntza patentatua erabiltzeko ordaindu egin beharko da, eta gainerako hizkuntzak desagerraraziz joango dira haren zapalkuntzaren pean. Bestalde, egileak hizkuntzari eman nahi dion babesa naturara luzatzen du, eta, horregatik, naturarekin hitz egitea ahalbidetzen duten hizkuntzek ere badute lekurik (gainerako espezieak eta elementuak). Sechu Senderentzat hitza da tresna bai herri barruko loturarako, bai herrien arteko elkartasunerako. Komunitate bateko altxor gorentzat hizkuntza dutenentzat balada samurra da bilduma, sentimentalegia izateko arriskua badu ere ikuspuntu praktikodunagoa duenarentzat, bai edukiagatik eta bai estilo ultra samurragatik.
Literatura. 'MADE IN GALIZA '
Herriaren ahotik hartu nuen debalde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu