Ez, edertasuna eta zailtasuna ez datoz beti eskutik. Beraz, hau disko ederra dela esanda, hitzaren zentzurik osoenean, ez pentsa entzuteko lan izugarria eragingo dizuten disko horietako bat denik. Gordina? Bai, ez bilatu alferrikako edergarririk kantu-sorta honetan. Mamitsua? Bai musikalki, bai eta hitzei dagokienez ere. Euskal herri-musikaren erreferentzia etengabeak agertzeaz gain, musikalki, une jakinetan, ateak irekitzen dizkielako abangoardiako hainbat joerei; atonalismo apurren bat, espresioaren nagusitasuna teknikaren gainean, minimalismoa, eztarria musika-tresna gisara erabiltzea... Eta noski, hamasei kantu hauetan agertzen diren gaiak ez direlako gertatuko txiste lehiaketa bat antolatzeko modukoak. Baina, batez ere, disko biluzia da, ahotsa eta pianoa bakarrik eta libre dabiltzalako hamasei kantu hauetan zehar. Bi diskoek osatzen dutenez lana, batean dauden zortzi kantuak ahots hutsez datoz, eta beste zortziak, berriz, pianoaren laguntzaz. Baina, hala eta guztiz ere, ez da disko zaila, eta saiatuko naiz azaltzen.
Ez da disko zaila, kantuak nagusi direlako, eta kantuen barnean melodiak nabarmentzen direlako; hain dira melodi borobil eta fidelak, kantuak handitu egiten dira entzunketekin (Ganduta da, Eremiten zortziko hautsia edo Egunean horren adibide; ez bakarrak, baina bai nabarmenak). Ez da disko zaila, ahots-kolore askotako diskoa delako, zuberotar kantarietatik (Hil zara I, Indar amini bat), Ez Dok Amairuren alde existentzialistarenera doazenak (Dudaren domina), bidean chanson eta pop ukituak utziz (Zure elea). Bagenekien sestaoarra musikari bikaina zena, baina orain kantari bikaina ere badela azaldu digu, ahotsaren expresibitateari etekin izugarria ateratzen diona, beldurrik ez duena kurrinkan erori eta gero garrasian altxatzeko.
Ez da disko zaila, kantuetako pianoa-lerroak ez direlako batere abstraktuak, eta ederki azpimarratzen dituztelako kantuen une orain dramatikoak, orain bareak, orain ekaitzez jositakoak (Ito errota). Ez da disko zaila musikariak asmatu egin duelako herri-musikaren eta esperimentazioaren uztarketaren alkimia horrekin, gozo eta miketz, lur eta zeru, kultu eta herrikoi. Eta ez da batere erraza, nahiz eta erreferentzia batzuk eduki inguruan (Laboa, Axiari, Etxekopar...).
Ez dakit merezi duen horrelako lanak klasifikatzen saiatzeak; adibidez, disko esperimentala dela esateak, esperimentaziotik baino hurbilago dabilenean herri musikatik. Ez dut uste merezi duenik disko arraroen kutxa apartatu horretara kondenatzea, itzala utziko duen (utzi beharko lukeen) lana baita hau.
Musika. IbonRG 'Hil zara'
Herri-musikaren alde askotarikoak
Diskoetxea: Repetidor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu