KRITIKA. Antzerkia

Herri bat poesia

Agus Perez.
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun

'Zanbuia!'

Konpainia: Metrokoadroka. Testuak: Konpainia. Marrazkiak eta jantziak: Idoia Beratarbide. Musikariak: Ander Fernandez, Idoia Hernandez, Oscar Manso. Airetiko akrobaziak: Corinne Cella. Antzezleak: Ainhoa Alberdi, Maite Aizpurua, Javier Barandiaran, Idoia Beratarbide, Corinne Cella, Amaia Corral, Iraia Elias, Ander Fernandez, Oier Guillan, Idoia Hernandez, Unai Lopez de Armentia, Oscar Manso, Joseba Roldan, Marina Suarez Ortiz de Zarate. Lekua: Ea herriko zenbait leku. Eguna: Uztailak 14.

Urtero legez, herri bat poesia oparitu digu Eak egunotan, eta Zanbuia! lanarekin ospatu du bere 10. urtemuga Metrokoadroka Sormen-Kolektiboak, bertako txoko eta oroitzapenei esangura poetikoa emanez.

Herriko hondartzaren erdian zegoen teklatuak esan digu haren inguruan hasiko zela emanaldia, eta piano melodia ederra bukatu denean magiaz bezala irten dira itsasotik sentikari honetako pertsonaiak, oinez eta pauso lasaituan, banaka, binaka, hirunaka. Haietariko lehena sare batean bilduta etorri da, sarearen arrasto luzea haren atzetik utzita, eta guztietan azkenak salabardo bati eragiten zion, tximeletak harrapatu nahiko balitu bezala. Hasierako eszena ezin politago horretan Felliniren pelikula batean bizi izatearen sentsazioa eduki dugu, Amarcord filmeko pertsonaien artean egotearena agian, eta azken morroi hark gogoratu digu memoria duten leku guztietan dagoela herriko xelebrearen figura berezia.

Irudi plastiko harekin batera, Oier Guillanek mikrofonotik esandako hitzak etorri dira, betiere musika ederrak lagunduta eta gu guztiongan eragina duten hainbat kontu aletuta. Hasierako eta amaierako pasarteetan badirudi gai eternalagoei ekin diola kolektiboki landutako testuak, sublimea dena eta egunez eguneko gaiak nahita elkartuz eta elkarren kontrastean jarriz. Ordea, hondartzako hasieraren eta portuko uretan izandako amaieraren artean —frontoian, etxeetako leihoetan, zubietan eta errekako uretan izandako eszena eder, harrigarri eta malenkoniatsuetan— hitzek eta ekintzek lotura handiagoa eduki dute herriko memoriarekin.

Oroimenaren kontu horretan esangura berezia hartu du emakumeen eta gizonen bizimoduari egindako aipamen subliminalak —dena poetikoa, dena jasoa, dena urrun eramana—, eta agian dikotomia horretan azaleratu da hobekien emanaldiaren funtsa, elementuen arteko kontrasteen eta haien elkarbizitzaren inguruan eratu dena: itsasoa eta herria, emakumeak eta gizonak, oraina eta iragana, orain hemen batu garenok eta etorkizunean zuen artean egongo ez garenok, bizi izan duguna eta azken unean gogoratuko duguna. Hondartzako olatuen joan-etorri etengabea gogoan.

Eako Poesia Egunetan 2012an Eguzki-jai jauregian izandako emanaldi hura —Munduan beste deitu zen, eta orduko hartan Labea izena hartu zuen taldeak— oraindik burutik kendu ezinik gabiltzala etorri da Zanbuia! hau, kolektiboko kideak herrian bost egunez bizi ondoren, zerotik hasi eta sormen eta prestaketa lanak egiteko. Orduko hura bezala, emanaldi bakar eta errepikaezina izango da, baina Ean egon garenok bihotzean gordeko dugu harribitxi hau ikusi izanaren pribilegioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.