Hilbeltza bekaren eskutik, Txalapartak Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak eleberri beltza argitaratu zuen joan den urtearen amaieran, eta Nafarroari loturik jarraitu du kontuak. Izan ere, kontakizuna Vianako Arduy familia ezagunaren upategiaren inguruan zedarritua da; bertan, sendiak gordetzen duen sekretu lazgarri baten aurkikuntzan murgilduko da irakurlea. Horrela, hiru denbora-lerrotan banatutako istorioa osatu du egileak: 1989ko gertakizunetatik hasi, eta 2009an barrena, orainaldiko, 2019ko ikerketara arte luzatuko da narrazioa. Eleberri-korala dela esan liteke, beraz, denbora-epe zabal horretan hainbat pertsonaiaren ahotsa aurkituko baitu irakurleak: upategiko familiako amarena, aitarena eta alabarena, haren bikotekidearena, nahiz upategiko langile birena edo herriko sorginarena.
Nobela beltzaren ezaugarri tipikoak biltzen ditu azpeitiarraren lanak: hala nola delitua ikerketa baten bidez pixkanaka deskubritzen joango da, eta detektibe-lanak trama kriminalarekiko harremana duen pertsonaia batek egingo ditu. Era berean, eta genero horretan ohikoa denez, krimenaren girotzea kritika soziala egiteko baliatzen du idazleak. Urte desberdinen arteko pasarteen segida eta detektibearen gidaritza elkartuta, testua gustura irakurtzen da. Era berean, aparteko aipamena merezi du edizio-lanak; kolore gorri eta beltz biziak tartekatuz, krimenari eta mahastiei egindako keinadek ukitu dibertigarria ematen diote liburuari.
Hala ere, niri hainbat kontuk kale egin didate nobelan. Baiki, kritika sozialaren alderdiari eutsiz, laudagarria da egileak diskurtso progresista harilkatzeko egiten duen ahalegina: upategietan egoera lazgarrian lanean diharduten mahats-biltzaileen egoera salatzen da, edota, genero berdintasunari dagokionez, Arduytarren alaba homosexualaren bazterketa azaleratzen da, nahiz herriko emakume heterodoxoarena. Baina salaketa horretan, landa/hiria dikotomia nahiko sinplistan erortzen da kontakizuna. Vianako giroa itxi eta atzerakoi gisa agertzen da, eta hirikoa, aldiz, detektibe-lanak egingo dituen neskaren Bilbo jaioterria, halako tentsioetatik at agertzen da. Gainera, emakumeenganako bortxaren salaketa egiten bada ere, atzera erruduntzat ere emakumeak jotzen dira liburuan; hori bereziki deigarria da, izan ere, krimenaren egileak hainbat gizon eta emakumea izanik, emakumea jotzen baita trama guztiaren buru «manipulatzailetzat». Dakigunez, emakumeen kontrako aurreiritzi matxista baliatuz.
Irakurtzean sortzen duen gustuari dagokionez, kontakizuna gidatzen duen hizkuntza laua iruditu zait, jolasik gabekoa, kolorerik gabekoa, eta irakurlearen gozamena areagotzeko, literatura esanaren gustua den heinean, nago hizkuntzarekiko ausardia handiagoa beharko lukeela, ausardia handiagoko testuak asko irabaziko lukeela.
Literatura. 'Sotoan gordeak'
Herra eta beldurra mahastien artean
Egilea: Miren Gorrotxategi. Argitaletxea: Txalaparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu