'Amour'
Zuzendaria: Michael Haneke. Aktoreak: Jean-Louis Trintignant, Emmanuelle Riva, Isabelle Huppert. Herrialdea: Frantzia-Alemania-Austria. Iraupena: 127 minutu.
Iaz gertatu bezala, Cannesen garaile atera zen filmarekin hasi da jaialdi entzutetsuenetan estreinatutako harribitxiak ezagutzera ematen dituen saila, Zabaltegi-Perlak. Iaz, The Tree of Life izan zen, eta aurtengo honetan, Amour-en txanda izan da. Alabaina, Malicken eta Hanekeren lanen arteko antzekotasunak ez dira hor amaitzen, biek ala biek kritikaren Fipresci sari nagusia jaso baitute Donostian. Malick ez zen etorri Kursaalera, eta austriarra ere ezin izan zen egon inaugurazio ekitaldian. Haren ordez, Ramon Agirre igo zen agertokira. Haneke Europako zinemagilerik miretsienetakoa da, eta, hortaz, ikusmina sortu du Trintignant eta Emmanuelle Riva nouvelle vague garaiko aktoreak protagonista dituen filmak.
Heriotza hurbiltzen den heinean gizakiak inozo izateari uzten ote dion galdegiten du. Egiazaletasunaren eta zintzotasunaren inguruan gogoeta egitera bultzatu nahi du publikoa, eta horretarako bere denbora hartzen du. Plano luzeak baliatzen ditu agureen egunerokotasuna erakusteko. Agian patxada handiegia duela kexatuko dira gogaituta irten direnak. Egile handiek badakite gauzei behar zaien denbora ematen, eta ikuslearen pazientziarekin jolas egiten dute. Gogaitu eta torturatu egin dezakete, baina zain egoten dakienak ordainsaria lortu ohi du. Norberak eraikitako unibertsoak arau propioak ditu, eta ez da komenigarria izaten jendearen onespena lortzearren egoerak gehiegi behartzea. Zinemak, bizitzak bezala, ez baititu gure irrikak kontuan hartzen. Bali-teke aspergarria iruditzea askori, baina xehetasunek esna egotera gonbidatzen gaituzte. Maisuak ez du ezer demostratu beharrik; bere lana besterik ez du egiten.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi-Perlak
Heriotzaren garaipena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu