Egilea: Lois Pereiro.
Itzultzailea: Joxemari Sestorain.
Argitaletxea: Denonartean (Cenlit).
Poeta malapartatuen aparrak oihartzun oparoa izan du XIX. mendean Arthur Rimbaudek ibilbideari ekin zionez geroztik. Lois Pereirok (Monforte, 1958- Coruña, 1996) poeta erradikalaren zantzu guztiak agertu zituen, bete-betean bizi zuen bizitza gorabeheratsuan zehar. Koltza olioaren gaixotasunak heriotza zuzenean eragin bazion ere, hiesaren aztarnak omen zituen bere gorputzak ordurako, zauri emozionalak ugariak bezain sakonak zirelarik. Bizirik zela bi poesia liburu bakarrik argitaratu zituen: Poemas 1981/1991 (1992) eta Poesía última de amor e enfermidade (1995) hau, Denonartean zigiluaren eskutik argitalpen elebidun gisa kaleratu dena, Akaberako poesia amodioaz eta gaitzaz (1992-1995), Joxemari Sestorainen itzulpenarekin. Itzulpena lar sinkopatua eta erritmo etenaz ondutakoa iruditu zait.Nago Monforteko poetaren soiltasun gardena eta darabilen galegoaren musikaltasuna tantaka besterik ez direla agertzen.
Poeta malapartatuaren rola jokatzeak larregizko pisua izan dezake idazlearengan, pertsonaia gailentzen baldin bazaio literaturak erredura larriak jasan baititzake. Erradikaltasunaren eta kontrakulturaren ordezkari ofiziala izateak areagotu egin dezake pertsonaiaren zorabioan galtzeko arriskua. Pereiroren kasuan, ez da horrelakorik gertatzen, espresionismo soilaren teknikak profitatuz,poesia arina eta aldi berean sakontasun handikoa eraikitzeko gai dela erakusten baitu.
Liburu honen hastapenetan bertan, argiro erakusten du azken-nahi legez aurkezten zaigun xedea:herioaren aurkako testigantza ematea, bizitzak sortutako aparraren mugimenduaz jabetu gaitezen, herio ate joka zuen ordu hartan.(«Hiltzear zela, poema baten hasiera / idatzi zuen Raymond Carverrek:/'Eta gurari guztiak/ bete dituzu bizi honetan? /Bai horixe. / Eta zer gurari zenuen? / Maite izan nautela pentsatu, Lurrean / maite izan nautela sentitu. / Beste horrenbeste esan nezake nik ere'». Ttu egiten baldin badu ere,maitasuna bilatzen du, gauza guztien gainetik, poesia erradikalaren apostoluak. Pereiro guztiz jabetzen da bere egoeraren transzendentziaz, heriotzaren aurrean dago biluzik eta gaixorik, ez du astirik tentelkerietarako. Jakingura erabiliko du itzal nagusiari aurre egiteko. «Jakin norbera dela azkendegian, / eta gorputza, borrokatoki bat: / sarraski bat kalian». Hala eta guztiz ere, ez du etsiko amets- eraikitze lan horretan. «Sasoi betean, / burua daukat munduaren muinean / eta argudioak aldiro ditut aldatzen / nire amets gurbil eta urrietan».
Pereiroren literatur eraginak ugariak bezain ezberdinak dira, besteak beste, Jose Angel Valenteren sakontasun hermetikoa, Thomas Bernharden lehortasun nihilista, Paul Valeryren leuntasun estetikoa eta Arthur Rimbauden malditismo geniala. Eraginak eragin, unibertso poetiko propioa eraikitzeko gai dela erakusten digu galiziarrak.
Liburuaren lehen partea herioren aurkako testigantza apartsua den modura, bada lekurik nolabaiteko poesia politikorako ere. Amodioa eta odola Chiapasen poema gogoangarria lekuko: «…munduaren aurka borrokan, / hari lepoa hautsi/ behar badio ere / eta historia bere ildotik / desbideratu / betiko biktimekin/ batera». Aurrerago,maitasunak hartuko du protagonismo nagusia, iheskortasunaren kartzelan gatibu bada ere. Horregatik aipatzen ditu David Leanen filmetatik ateratako enkontru laburrak, «ene iragana baikortzen dute». Maitasuna idealizatu egiten da, iragana ideala izan dadin. «…eta galtzen ziren mehetuz zihoan firfirarekin / amets erratu baten / ikuskari gisan». Pereiroren ametsak ez zuen porrotik egin. Bere poesiaren gandorraren aparra geratzen zaigu testigantza legez.
Literatura. 'AKABERAKO POESIA AMODIOAZ ETA GAITZAZ (1992-1995)'
Herioren aurkako apar maitekorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu