Egilea: Elias Canetti.
Itzultzailea: Ibon Uribarri Zenekorta.
Argitaletxeak: Erein eta Igela.
Elias Canettik (Rustschuk, 1905-Zurich, 1994) herio ulertezinaren aurka txiki-txikitatik bizi izan zuen borrokak soka luzea du liburu honetan. 65 urte zituela idatzi zuen Mihia aske (Erein&Igela, 2014) memorien izkribu honi hasiera ematen dion eszena beldurgarritik hasita, non, Alemaniako haur kontakizunetan oinarrituta, umeei mihia ebaki nahi dion mehatxuzko figura agertzen den. «Gorriak gobernatzen du nire lehen oroitzapena». Goi mailako literaturaren bidez mihia aske erabiltzea baino zerbait gehiago du Canettik xede: bidegabekeriaren aurreko testigantza zehatza ematea; familia-hezkuntza edota hizkuntzak ume batengan izan dezakeen oihartzunaz ohartaraztea; jazarpenak, botereak, gerrak eta heriotzak islatzen dutenaren aurkako askatasunezko paradisu kultua eraikitzea.
Canettik darabilen memoria kirurgikoaren tamainak, harrigarria inondik ere ume edota nerabe baten kaleidoskopio oparoa dela kontuan hartuta. Iniziazioko bidaia abiapuntutzat, ezin ahaztu, inondik inora, «jenio-gizon» baten aurrean gaudela, Fernando Pessoak esango zukeen modura, 16 urte bete arteko familia, hezitzaile eta lagunen arteko jazoeren berri ematen digu, pertsonalitate jeloskor, sentikor eta aseezin baten ahotan eman ere. Hala nolaumemoko bat zela bere lehengusina aizkora batez jarraitu zuenean hark irakurtzen uzten ez ziolako, edota ur irakinaz larriki erre ondoren negozio-bidaian zegoen aitaren azken orduko etorrerak bakarrik salbatu zuenean Masse und Macht (1960) idatziko zuena. Autobiografia gogoangarri honetan bertan azaltzen duenez, heriotzari baino gehiago suizidioari zion beldur, inor ez izatearen itzala luzea baita jenio-gizonen gogoan. Nora ezean utzi zuen aita gaztearen heriotzak, aitona patriarka sutsuak madarikatu ondoren Ingalaterran hil baitzen sen artistikoa azaleratu ezinik. Zortzi urterekin etxeko gizon eta «amaren zaintzaile» sutsu bilakatu behar izan zuen Europako kulturaren erreferente nagusietakoa. 1962an Theodor Adornorekin irratsaio batean eztabaida intelektuala izan zuenak sutsuki defendatzen zuen ama.
Danubioko ibaiertzeko Rustschuk-en (egungo Bulgaria) jaio zen 1905ean. Espainiera sefardia ikasi zuen arren, goiz ordezkatu zuen jatorrizko familia-hizkuntza.Berebiziko garrantzia izango du hizkuntzen erabilerak autobiografian (sendiaren sefardi espainiarra, neskameen bulgariarra, gurasoen arteko alemana hizkuntza sekretu gisa, Manchesterren ikasitako ingelesa, amak inposatutako alemana...). «Jendeak zenbatu egiten zituen hitz egin zitzakeen hizkuntzak, garrantzitsua zen asko ongi jakitea, nork bere burua edo besteena salba zezakeen ezaupide horren bidez». 1981ean Nobel Saria eskuratu zuen Canettiren bigarren liburu euskaratua dugu Ibon Uribarrik neurriz eta tentuz ekarritako hau. Aurretik Paper edalea itzuli zuen Lur Entziklopedia Tematikoaren erredakzioak. Masse und Macht noiz itzuliko zain geratzen gara irrikaz.
Liburua bost ataletan bananduta dago, Canettik bizi izandako hiriak (Rustschuk, Manchester, Viena eta Zurich) agertoki dira amarekin bizitako gorroto-maitasun istorio nagusia harilkatzeko. Harreman horretan hazi baitzen jakituriaren hazia. Horrez gain, egun politikoki ez zuzenak diren zenbait harribitxi Europako XX. mendeko jenio-gizonen bideari jarraiki. «Izan ere, uste dut jakintzaren osagaia dela bere burua nabarmendu nahi izatea eta ezkutuko izaera batekin ez etsitzea». Betiere, boterearen aurka heriotzaren gorria ezkutatu gabe.
Literatura. 'MIHIA ASKE'
Herio gorriaren aurkako oroimen kirurgikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu