KRITIKA. Dantza

Hegazti errariak

Agus Perez.
2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun

'Xorien ihesa'



Koreografoa: Mizel Theret. Dantzariak: Matxalen Bilbao, Eneka Bordato, Gael Domenger, Johanna Etxeberri, Robert Jackson. Lekua: Miarritzeko Colisee antzokia. Eguna: Urriak 21.

Ez. Hegazti errariak ez dira leihoan pausatu, Sarrionandiaren olerki bikain hartan bezala, baina era pausatuan mugitu dira Mizel Theretek aurkeztu berri duen proposamenean. Teknikoki, oraingo hau Xorien ihesa-ren aurretiazko estreinaldia izan da, baina egiatan Euskal Herriko estreinalditzat har dezakegu, kontuan izanda ekitaldiak lortu duen alde bietako aditu eta zaletuen presentzia.

Sortzaile lapurtarrak txorien inguruko trilogia baten amaieratzat jo du honako hau, eta hegaztien migrazioetan inspiratu omen da oraingoan, txikitan kurriloen migrazioek berarengan sortzen zuten zirrara gogoratuta. Hauskortasuna omen da koreografoari interesatzen zaion beste kontu bat, eta bai hegaztiengan bai dantzaren iragankortasunean aurkitu du gaia lantzeko pausalekua. Hegaztien konferentzia izeneko pertsiar poema mistikoa ere —XII. mendekoa eta mila inguru bertsokoa— eragin handikoa izan da pieza hau sortzerakoan, eta argi dago nolabaiteko espiritualtasuna eman nahi izan diola pieza honi, ez bakarrik euskal kantu polifoniko batzuen laguntzaz eta amaiera aldera entzun dugun Arvo Parten ildo bereko konposizioaz, baizik eta isiltasunari emandako rol nagusiaren bidez, isilean igaro baita denboraren zatirik handiena.

Ohi bezala, Theretek muturreraino eraman du elementu gutxi erabiltzearen alde egindako apustua eta, bide horretatik, dantzariak oinutsik eta besoak agerian ibili dira eta estetika soildu, espartar, frantziskotarra nagusitu da emanaldi osoan zehar: isiltasuna nagusi, praka eta kamiseten tonu beltz eta grisak eta Frederic Bearsen argi monokromo eta mortua.

Arestian esan bezala, pausatua izan da dantzarien mugimendua, eta koreografoak garrantzi handia eman dio besoen disposizioari, haien bidez irudikatu direlako —era subliminalean gehienbat— hegaztien gorputzak eta haien jarrerek gugan sortutako nahiak. Talde-posizio erdi estatikoak ere behin baino gehiagotan gertatu dira, gogoetarako uneak sorraraziz, eta proposamena mistizismotik hurbil ibili da batzuetan, esangura enigmatikoa lagun, nahiz eta beste batzuetan kutsu figuratibo nabarmena hartu duen, hegaztien portaerak eta elkarrekiko jarrerak irudikatu dituztenean.

Bestetik, koreografoak arreta berezia eman dio taldearen eta norbanako isolatuen arteko harremanei. Beharbada kontu horretan datza lan honen balio nagusia, bost dantzarien ibilbide artistiko desberdinekin talde kohesionatu bat sortu delako, haietariko bakoitzaren nortasuna kontuan hartuta eta denen artean hizkera komun bat bilatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.