Unai Villenak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980) 2014an irabazi zuen idazle gazteentzako XVII. Igartza Saria. Horren emaitza da duela aste batzuk argitaratu duen lehendabiziko eleberria: Hauts haietatik. Bertan, 33 urteko Ander Arrutiren bizitza gorabeheratsua kontatzen da. Liburuaren hasieran protagonista arrakastatsu gisa aurkezten bazaigu ere, berehala dena gain behera etorriko da, paradisua bat-batean infernu bihurtu izan balitzaio bezala; orduan kateatuko dira, abiadura beldurgarrian, drogekiko mendekotasuna, krisi psikotikoak, desintoxikazio-zentro eta psikiatrikoetan egonaldiak... Argi dago Hauts haietatik gogoeta sakon bati bide eman nahiko liokeen asmo handiko proiektua dela.
Kontaketari ekin aurretik, autoreak ohiko irakurketa-modu linealarekin hautsi eta atal batetik bestera atzera-aurrera saltoka aritzeko gonbita egiten digu, besterik ez bada ere, esperientzia originala gerta daitekeena. Interesgarria da, era berean, metaliteraturak pisu nabarmena duela ohartzea; izan ere, narrazioaren zati handi bat Anderren oroitzapenak jaso nahian dabilen idazle baten esku geratzen da.
1980ko hamarkadan jaiotako belaunaldiari argazki fidela ateratzeko trebetasuna aitortu behar zaio Villenari. Atal bereizietan, espazio laburrean eta erritmo bizian, gai da informazio zehatz asko eskaintzeko, istorioari testuinguru egokia eskainiz. Pertsonaia ugariri ahots emateak, bestalde, Anderren egoera ikuspuntu ezberdinetatik ezagutzeko aukera dakar. Horrela, ikuspegi osoagoa lortzen da, nahiz eta, ideia beraren inguruan bueltaka aritzean, maiz diskurtsoa errepikakorra suertatzen den. Hala eta guztiz ere, narratzaile horiek oso forma naturalean aurkeztu, txertatu eta aldatzen dira obran zehar.
Egilearen beste dohainetako bat bikain kudeatzen asmatu duen denbora-jauzi etengabeak dira. Hauts haietatik atzeranzko begirada saihestu ezin duen lan bat da, non, iragana gainditzeko desioa eta beharra gorabehera, protagonista gaixoa hartan ainguratuta ageri den, ezinbestean.
Deskribapena ekintzari nagusitzen zaio, hura aukera duen bakoitzean luzatuz. Baliabide horren erabilera guztiz bat dator narratzaile guztiek erakusten duten jarrera gogoetatsuarekin, baina zenbaitetan hain zorrotz betetzen dute rol hori, ezen irakaspen-doinua ere antzeman daitekeen haien baieztapenetan. Aipatutako ezaugarrien ondorioz, eta halako gai bati dagokion bezala ziur aski, tonua iluna eta astun xamarra da sarri. Baina, zalantzarik gabe, bada testuan arreta ematen duen alderdi bat: hoztasuna. Pertsonaien hitzek apenas adierazten dute afekturik, are gutxiago berotasunik, haien begirada analitikoegia da horretarako. Protagonista lehen pertsonan, bitartekorik gabe, mintzo denean ere, distantzia handia nabari da narratzailearen eta kontatutakoaren artean.
Irakurketa hautsia, egitura hautsia, bizimodu hautsiak, pertsonaia hautsiak eta nortasun hautsiak... Hauts haietatik maila anitzeko hausturetan oinarritutako eleberri bat da, hortaz. Edozelan ere, eskertzekoa da Unai Villenak egindako ahalegin literarioa, aurreiritzi oro bazterturik, drogekiko mendekotasuna eta buru-gaitza pairatzen dutenen errealitate latza justiziaz eta begirune osoz islatzeko.
'Hauts haietatik'
Hauts(i)a
Egilea: Unai Villena. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu