'Identitarteak'
Konpainia: Gilkitxaro. Egilea:Lutxo Egia. Dramaturgia eta zuzendaritza: Gilkitxaro. Jantziak eta eszenografia: Ramona Bilbao Izagirre. Argiak: Ruben Martinez Blanco. Antzezleak: Aitor Garciade Bikuña, Galder Perez, Ane Zabala. Lekua: Lemoako Kotxepin kultur etxea. Eguna: Apirilak 21.
«Hautsi da anphora», zioen Ruper Ordorikak disko mitiko hartan, Bernardo Atxagaren hitzak musikatuz, Pott banda desegin berritan. Eta gure iruditeriaren parte bihurtu den esamolde hori errepikatu da behin baino gehiagotan Lemoako Kotxepin kultur gunean estreinatu den Identitarteak proposamen eszenikoan.
Hautsi da anfora, beraz. Dena da gertagarri orduan. Bukatu dira segurtasunen garaiak, amaitu barne-bakea ematen ziguten finkotasunak. Fuera etiketa oro! Dagoeneko ez dakigu zer garen, ez dakigu ezta ote garen ere. «Gora Euskadi askatuta» aldarrikatzen genuen garai batean, baina, gaur egun, aldean daukagun manifakidea zertan ari ote da pentsatzen? Euskal Autonomia Erkidego apolitiko-apokaliptikoan? Nafarroa ere ote dauka zorte apur batez gogoan? Iparraldea ere bai akaso?
Lutxo Egiaren testu batekin aurkeztu dira oraingo honetan Ane Zabala eta Galder Perez Gilkitxaro taldeko kideak, eta aurreko paragrafoan azaldutakoaz baino kontu askoz gehiagoz jardun dute beren estiloko solasaldi ustez burugabe baina egiatan mamitsuen bidetik. Edo bideetatik esan beharko nuke? Zeren eta bikote eszeniko honengan gehien estimatzen duguna da gai batetik bestera salto egiteko duten gaitasuna eta ekintza eszeniko batetik bestera naturaltasun osoz igarotzeko trebezia, betiere autoparodiaren parametroetan, betiere ikusleen konplizitatea aurretiaz irabazita, betiere euskal kulturari erreferentzia aberasgarriak eginez.
Esan bezala, oraingo honetan Lutxo Egiaren testu bat —Cafe Bar Bilbao saria eskuratu zuen 2016an— hartu dute oinarrian, baina egileak askatasun osoa eman dio bikoteari testua moldatzerakoan, eta, aretora sartzean aitortu digunez, espero zuen estreinaldiak sorpresa asko ekarriko zizkiola. Taldearen zaleentzat ere izan da sorpresa hirugarren pertsonaia baten presentzia. Aitor Garcia de Bikuñak jokatu du rol enigmatiko hori, Jean Geneten Les bonnes-en (Neskameak) estiloan jantzita, noizean behin erantzun lakonikoak emanez protagonisten galderei eta, beste ezeren gainetik, soinu-giro aparta sortuz bai gailu elektronikoekin bai ahoarekin eta beste tresna analogiko batzuekin.
Hautsi da anfora, beraz, dena dugu harea inguruan eta desertuko zeharkaldi betean gabiltza. Basamortua arinagoa izan bekigu horrelako proposamen landu, irudimentsu eta ausartekin!