Musika. Crypta. 'Echoes of the Soul'

Haustura gordina

Diskoetxea: Napalm Records.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ez da erraza arrakastari uko egitea, urteetan landu eta lorturikoarekin haustea. Fernanda Lira eta Luana Dametto musikari brasildarrek iaz Nervosa uztea erabaki zuten. Ez zen erabaki atsegina izan beraientzat. Zale batzuentzat ere kolpe gogorra izan zen. Esaterako, Euskal Herrian Nervosak harrera ona izan zuen metalzaleen artean, lehen aldiz etorri zirenean. Lagunak egin zituzten hemen. Harreman hori mantentzeko aukera dute orain, baina Crypta izeneko abentura berriarekin.

Thrash metal doinuak jorratzen zituzten Nervosarekin —beste musikari batzuekin aurrera jarraitzen dute, eta, orain, eskola zaharreko death metala da Cryptak azpimarratzen duena. Gordintasunaren alde egin dute, muturreko pasarte ilunekin beste bide bat eraikitzeko. Brasilgo Taina Bergamaschi eta Herbehereetako Sonia Anubis (Burning Witches ohia) gitarristekin osatu dute laukotea. Elkarrekin berriki plazaratu dute Echoes of the Soul estreinakoa, eta seguru death metalaren zaleek gustura hartuko dutela. Baita Nervosa gustuko duten hainbatek ere.

Lau emakumez osaturiko muturreko metal banda bat ez da ohikoa egungo musikagintzan. Ez da ere bidezkoa fokua eurengan jartzea berezitasun horrengatik. Ordea, metal musikak gizonezkoz beteta jarraitzen du, eta aitortu behar da horrelako taldeek errealitatearekin hausten dutela. Zorionez, ez dira bakarrak, eta ondo bidean soilik emakumez osaturiko banda gehiago azaleratuko dira Crypta eta Nervosa gisakoak erreferentetzat hartuta.

Gordintasuna barrenean daramate lau musikariek, eta zaletasun hori bera muturrera eraman dute. Lira abeslari eta baxu jotzaileak are gehiago urratu du ahotsa, eta alor horretan egin duen lanik onena topa daiteke Echoes of the Soul diskoan. Horrez gain, Anubisen gitarra riffak nabarmentzekoak dira. Berritzaileak ez badira ere, death metalaren esentzia mantendu eta indartzen dute. Dena dela, laukotearen muturreko eskaintza ez da horretara mugatzen. Death klasikoari ez ezik, modernoari ere lekua egin diote, eta black metala ere presente dute. Hamar kantuko errepertoriotik Starvation lehen singlea, Death Arcana eta Blood Stained Heritage dira zitalenak.

Ez da harritzekoa gure artera itzultzeko asmoa izatea. Oraingoan, Cryptarekin. Ondo bidean, datorren urteko apirilean Bilbon ariko dira zuzenean. Lirak eta Damettok, hemengo lagunak agurtu, eta abentura berria aurkeztuko dute. Hori gertatu bitartean, zale eta lagunek denbora dute laukotearen estreinako lan aparta behar bezala dastatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.