Irun Hiria Literatura saria irabazitako L.A.A. nobela argitaratu zuen Zugastik joan den urtean, eta urtebeteko epean dakar Ereinen eskutik bigarren narratiba lana. L.A.A. hura bizi esperientzia batean oinarritutako kontaketa omen zen; idazle tolosarrak genero indarkeriari lotutako kontaketa bat onduz garatu zuen thriller psikologikoa. Antzeko bidetik datorkigu Ahotsak eta itzalak hau ere, ez agian esperientzia pertsonalean oinarriturik, baina bai bizi izan dugun herri esperientziari loturik.
Nobelak 36ko gerraren garaiko minera jotzen du. Gerratik iheska semeak hartu, eta emaztea eta alaba jaioterrian utzita erbestera jo behar izan duen gizonaren istorioak gidatzen du kontakizuna. Nobela historikoaren zantzuak ditu kontakizunak, eta nobela beltzaren kutsua hartuz joango da tantaka.
Genero beltzaren ezaugarriak biltzen ditu, beraz, Zugastiren nobelak; hainbat espazio eta pertsonaia tartekatuz aurrera egiten du tramak, eta amaierara arte tentsioa mantentzen da. Fragmentarismoa gailentzen da kontaketan, eta irakurleak piezak lotuz istorioa eraikitzeko aukera izango du, mosaiko baten antzera. Hala ere, pertsonaia nagusi bat nabarmen dezakegu nobelan: Arturo, txikitan aitaren eskutik erbestera alde egin behar izan zuen mutikoa. Dagoeneko heldu da erbestealdiko mutikoa, eta txikitatik kolpatzen duen misterio bat argitu nahirik hasiko du trama gidatuko duen ikerketa: Zergatik alde egin ote zuen aitak bi semeak hartuta eta ama eta alaba jaioterrian utzirik? Amak egin al zion uko herria uzteari? Haurraren begirada tresna egokia zaio idazleari; inozentziaz begiratzen duen munduan misterioa mantentzen laguntzen dio, haurraren irudimenak sortutako gertakariak eta egiaz jazotakoak nahasten baitira.
Polita iruditu zait Arturok haur denborara egindako bidaiaren bidez Zugastik ere gaztetako irakurketei egindako omenaldia. Irakurketa guztian zehar, etengabeak dira testu nagusia aberasteko aukera ematen duten haur eta gazte literaturako klasikoen erreferentziak. Gainera, testu arteko jolas hori alderdi inplizituagoei ere luza dakieke; nobela historikoaren marko horretan, fikziozkoak ageri diren leku eta pertsonaiak irakurleari ezagunak egingo zaizkio.
Haur denborako istorioaz gain, beste plano bat ere desberdindu behar da: orainaldikoa. Bertan, misterioa argitzearekin batera, idazketaren muina hartzen duten arazoak agertzen dira: batetik, misterioa askatzean deskubrituko den traizioaren auzia. Literaturaren historiako gai nagusietakoa ere Zugastiren ardura nagusietakoa izango da, eta traizioa azaleratzeko konta moduak esperimentatuko ditu. Bestetik, testigantzaren bidez errua garbitzeko moduak esploratuko dituzte pertsonaiek.
Denboraz eta lekuez harago, esango nuke diskurtsoan antzeman ditudala sinesgarritasunarekiko arazo batzuk: zenbaitetan elkarrizketak metaforikoegiak dira, eta bat-batekotasuna galtzen dute.
Literatura. 'Ahotsak eta itzalak'
Haurrak onik dira
Idazlea: Maixa Zugasti. Argitaletxea: Erein.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu