Euskaraz irakurtzen ditudan komikien artean, iruditzen zait Astiberri dela emaitzarik interesgarrienak argitaratzen dituen argitaletxea. Han argitaratutako edizioetan, maketazioa eta diseinua bereziki lantzen diren irudipena izaten dut, eta esango nuke irakurleari ez soilik literarioki baita bisualki ere emaitza erakargarria eskaintzeko ahalegina nabaria izaten dela. Hala izan da Dani Fanoren eskutik, literalki, datorren lan honetan ere: Miguel Marmol militante komunista salvadortarraren bizitzaren inguruko komikia argitaratu du euskaraz. Bide batez, Koldo Izagirre izan da Fanok idatzi eta irudikatutako lana euskaratu duena.
Testu nagusia aberasten duten beste hainbat mikrotestu txertatzen dira han-hemenka. Adibidez, kapitulu bakoitzaren hasieran, halako marko historiko batek osatzen du jarraian kontatuko dena. Joan den astean egunkari honetan bertan egindako elkarrizketan, Dani Fanok egindako dokumentazio lan eskerga aipatzen zen; eta egiaz, lana irakurtzen duen oro konturatzen da azken emaitza honen atzean dagoen ikerketa historiko zorrotzaz. Garaiko testu originalak imitatzen dituzten txatalek Fanoren lekuan jartzen laguntzen diote irakurleari.
Izan ere, hasieratik amaierara, lana Marmolen ibilbideari egindako omenaldia dela nabarmentzen da. Gidoilariak ez du ezkutatzen militantearekiko lilura, eta gertakizun politikoekiko duen iritzia aditzera ematen du. Lanaren hitzaurre eta epilogo modura kokatutako poemek eta pertsonaien azalpenek kontatzen den garaiarekiko miresmen hori areagotzen dute.
Horrek guztiak ez du, hala ere, datu biografikoen pilaketa bihur daitekeen komiki biografiko hertsira mugatzen lana. Literatura asko dago orri horietan zehar. Salvadortarren kantuak eta mitologiak agertzen dira gertakari historikoen artean, eta testuinguru politikoarekin fusionatzen dira, nolabaiteko kutsu erromantikoa emanez. Emaitza ederra lortu du Fanok biografia balizko jaiotzen inguruan harilkatuta, eta ondo biltzen du omenaldiaren ideia: ekinbide politikoa etengabeko jaiotza bailitzan kontatzen du egileak.
Egia bada, sarrerako aipuan Galeanok dioen moduan, politika eta fantasia nahasten direnean agertzen direla emaitza utopikorik interesgarrienak, idealismoa dario orduan lan honi. Literatura itxura duen baina manifestu gorputza duen lan honetan, bizipozak zeharkatzen ditu 208 orrialdeak.
Euskararako itzulpenean, komikietako bunbuiloetan baliagarria izan daitekeen ahozko hizkera baliatzen da, gaztelaniazko mezu luzeagoak asko trinkotuz; eta emaitza interesgarria lortu da. Bestalde, ez nau erabat konbentzitu euskalkiaren erabilerak gaztelaniazko salvadortarren dialektoa imitatzerakoan; izan ere, testuinguru geografikotik kanpoko hizkerak girotzea distortsionatu egiten duen sentsazioa izan dut.
Literatura. 'Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak'
Hau ez da biografia bat
Idazlea: Dani Fano. Marrazkilaria: Dani Fano. Itzultzailea: Koldo Izagirre. Argitaletxea: Astiberri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu